Energiaren inguruko azoka egingo dute bihar Areizaga-Kalebarrenen
Energiaren inguruko azoka egingo dute bihar Areizaga-Kalebarren plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Gernikako Arbolan plazan egingo dute. 10:00etatik 14:00etara aurrezpenerako, eraginkortasun energetikorako eta energia berriztagarrien erabilerarako sistemak erakutsiko dituzte. Prentsaurrekoa
Energiaren inguruko azoka egingo dute bihar Areizaga-Kalebarren plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Gernikako Arbolan plazan egingo dute. 10:00etatik 14:00etara aurrezpenerako, eraginkortasun energetikorako eta energia berriztagarrien erabilerarako sistemak erakutsiko dituzte.
Prentsaurrekoa eman zuten atzo azoka aurkezteko. Ekitaldian Jose Inazio Asensio Ingurumen diputatuak, Usurbilgo lanbide eskolako Isidro Zalduak eta Olatz Lazkanok, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak parte hartu zuten.
Azoka hori Usurbilgo Lanbide Eskolak eta aldundiaren Ingurumen departamentuak antolatu dute, energia berriztagarrien inguruko sentsibilizazio, heziketa eta dibulgazio programaren barne. Programa honek hiru ardatz ditu: udaletako eta aldundiko teknikarientzako prestakuntza teknikoa, enpresa munduarentzako jardunaldiak eta bihar Urretxu eta Zumarragan egingo duten azoka.
Postuak
Azoka bi udalen eta Uggasa garapen agentziaren eskutik etorriko da Urretxu eta Zumarragara. Aipatutako planaren eta azokaren helburua herritarrei energia garbiaren eta eraginkorraren arloan dauden ezagutza eta teknologiak gerturatzea da. Hala, euren erabilera sustatzen da. Azokan hainbat postu jarriko dituzte instalakuntza mota ezberdinekin: eguzki plaka fotoboltaikoak, eguzki plaka termikoak, biomasa galdara, aerotermia, LED argiteria, tenperatura baxuko berogailuak… Usurbilgo Lanbide Eskolako irakasleak bertan izango dira, azalpenak emateko eta zalantzak argitzeko.
Aldundiaren aholkularitza puntu bat ere egongo da. Beraien argindar faktura eramaten duten herritarrei faktura hori ulertzen irakatsiko diete. Hala, ahalik eta kontratu merkeena egin ahal izango dute. Haurrentzako gune bat ere egongo da.
Alkateek beraien udalak ingurumena zaintzeko lan egiten ari direla gogoratu zuten. Luquik azken urteetan udalak argindarraren kontsumoa %20 jaitsi duela esan zuen. Gainera, igerilekua berritu dute eta horri esker orain arte baino askoz ere ur gutxiago kontsumituko dute.
Zumarragako Udalak, berriz, LED argiaren aldeko apustua egin du. Herriko farolen %88k teknologia hori erabiltzen dute. Bestalde, Serranok uraren aprobetxamendua %93koa dela gogoratu zuen.
Asensiok Gipuzkoako Foru Aldundia sentsibilizazioaren eta eredu energetikoa aldatzearen alde lan egiten ari dela esan zuen. Horretaz gain, herritarrak azokan parte hartzera gonbidatu zituen.