Mendiko aingeru goardakoak
Hau guztia ez litzateke posible izango, boluntariorik gabe. 400 lagun baino gehiagok lan egiten dute Zegama-Aizkorri mendi lasterketako hiru probetan. Korrikalarien zaindari nagusiak dira.
Garmendia urretxuarra da, baina Zegaman lan egiten du: basozaina da. 39 urte ditu. Zegama-Aizkorrik boluntario asko behar ditu eta Zegamarekin harremana duten guztiek laguntzen dute. «Nire lankideek ere laguntzen dute:?Urbian, Sancti Spiritun…». Garmendia Junior Trail proba antolatzen hasi zirenetik da boluntario. «Alberto Aierbek gaztetxoentzat proba antolatu behar zutela eta boluntarioak behar zituztela esan zidan». Hirurek esker oneko lana dela diote. «Gure taldea Segurako kuadrillakook osatzen dugu. Betidanik ezagutzen dugu elkar, elkarrekin ondo moldatzen gara… Ardura da, baina bukatutakoan poz handia hartzen dugu. Dena ondo joan dela jakitea oso pozgarria da», dio Zubizarretak. Lan taldeak lagun taldeez osatuak egoteak oso garrantzitsua dela gehitu du. «Aspalditik ezagutzen dugun jendearekin lan egiten dugunez, dena natural ateratzen da, ez behartuta». Junior Traileko gazteak Garmendiaren kasua ezberdina da, Junior Traileko boluntarioak gazteak baitira. «Adinean aurrera egiten duten heinean maratoira pasatzen direnez, gaztetxo berriak etortzen dira. Boluntarioak 13-17 urtekoak izaten dira. Beraiekin lan egitea oso atsegina da. Izan ere, oso gogotsu etortzen dira, gaztetxoei ardura ematea oso polita da, hazten ikusten ditut…». Taldeko koordinatzailea da, beste bi heldurekin batera. «Gaztetxoak ibilbidean zehar banatzen ditugu eta amaieran beraiekin jaisten gara. Junior Traila proba motza denez, maratoiaren irteera ikusi, lan egin eta maratoiaren amaiera ikusteko aukera ematen digu». Zubizarretak, ordea, ez du inoiz irteerarik eta amaierarik ikusi. Hala ere, pozik azaltzen da. «Antolatzaileek eman dizuten ardura betetzea pozgarria da. Euria egin edo harria bota, betebeharra duzu. Bukatutakoan, lasaitu ederra hartzen duzu!», nabarmendu du. Elortza iritzi berekoa da. «Kilometro Bertikalaren (KB) lehen urtean sekulako zaparrada bota zuen. Goian egon ginenok egundoko hotza pasa genuen, baina inork ez zuen ezer esan». Tentsio handia egoten da. «Ona da, kontzentratuta eta arduratsu egoten laguntzen baitu», azaldu du Zubizarretak. Korrikalariek boluntarioek egiten duten lana eskertzen dute. «Txipa jarri aurretik, korrikalariak ikusten genituen. Egun, zapatilak ikusten ditugu. Gure ondotik pasatzen direnean makinak txistu jo behar du, baina han dagoen haizearekin askotan ez dugu ezer entzuten. Atzera egiteko esan behar diegu eta presaka dabiltza… Guretzat denak berdinak dira: lehenengotik azkenera arte. Korrikalari askok eta askok txalo egiten digute», aipatu du Zubizarretak. Gehien gogoratzen duten edizioa duela bi urtekoa da: Zegamatik atera zirenean eguraldi ona egiten zuen eta gero hoztu egin zuen. «Aizkorrira nahiko ondo heldu ziren, baina Arbelarrera hipotermiak jota iritsi ziren. Denei zira jartzea erabaki genuen, baina askok ezin zuten. Guk lagundu behar izan genien», gogoratu du Elortzak. Eskularru «magikoak» Zubizarretak Idiazabalgo korrikalari ezagun bati eskularruak jarri zizkiotela gogoratzen du. «Eskularruak jantzi zituen unean gorputzari buelta eman ziola esan zigun. Horri esker, ondo bukatzea lortu zuen. Ikusten dugun bakoitzean, eskularruak behar dituen galdetzen diogu». Zubizarretak istripu baten lekuko izan zirela gogoratu du. «Pertsona bat parapentearekin bota zen. Jendea txaloka hasi zitzaion, berotu egin zen, gehiegi gerturatu zen, harkaitzek erakarri egin zuten eta gure gainera erori egin zen. Helikopteroa etorri zen bere bila». Eta honako bitxikeria ere kontatu du: «Nire alabaren mutila Txilen dago, Erasmus egiten, eta euskalduna zela esan zuenean ea Zegama-Aizkorri ezagutzen zuen galdetu zioten». Hirurak harro daude boluntario izateaz, eta lanerako nagirik ez dute izango asteburuan.«Zegama-Aizkorrin lan egitea ardura da, baina amaieran poz handia hartzen dugu»
Gillermo Zubizarreta (boluntarioa)«Junior Traileko boluntarioak gazteak dira eta beraiekin lan egitea atsegina da»
Maitane Garmendia (boluntarioa)«KBko lehen urtean sekulako zaparrada bota zuen, baina inork ez zuen ezer esan»
Jon Elortza (boluntarioa)