Pujanaren pausoak jarraituz, dantzari txikiak protagonista
Dantzari Txiki Eguna ospatu dute Ordizian. Dantza ekitaldiz betetako asteburua izan da, Jose Lorenzo Pujana maisua omendu baitute
Ordizian Jose Lorenzo Pujana maisua omentzeko hainbat dantza-ekitaldi egin dituzte asteburu osoan zehar, eta gaur, Dantzari Txiki Eguna ospatu dute. Atzo iluntzean egin zuten omenaldi nagusia, Barrena parkean, Amets Bide dantza taldekoek, Ordiziako txistulariek eta Beasaingo Aurtzakako dantzariek elkarlanean. Gaur, aldiz, haurrek hartu dituzte kaleak.
Herrian zehar desfilea egin dute 12:00etatik aurrera. Aipatutako bi dantza taldeez gain, Zaldibiako Iztueta, Lazkaoko Oin-Arin, Orkoiengo Baietz eta Legorretako Irrintzi Alai taldeetako dantzariak izan dira Ordiziako kaleak dantzaz janzten. Barandiaran Plazan alardea osatu dute, eta taldeko argazkia aterata bukatu dute goizeko saioa.
Eguerdian bazkaria egin dute, eta haurrentzako jolasak antolatu dituzte bazkal-osterako. Azkenik, egitaraua borobiltzeko, Tio Teronen semeek Festamentua dantza ikuskizuna eskainiko dute arratsaldeko 19:30ean, plazan. Estreinakoz egingo dute hau Gipuzkoan.