Pasa den apirilean Beasainen egindako manifestazioa.
Amiantoak eragindako mesoteliomak jota hil zen F.H. duela hiru urte. CAFeko langilea zen 1952 eta 1990. urteen artean, eta amiantoarekin lan egin zuen. Gizarte Segurantzak, laneko gaixotasunak eragindako erabateko ezgaitasuna onartu zion 2014an, hil baino urtebete lehenago.
Orain, langile haren familiak auzibidera jo du, CAF enpresari laneko gaixotasunak eragindako heriotzaren kalte ordainak eskatzeko. Asteazkenean hasiko da epaiketa, 09:50ean, Donostiako 5. auzitegian. Asviamie elkarteak elkarretaratzea deitu du, 09:20rako, epaitegiaren atarian. Elkarteak azaldu du “sententzia asko” direla jada CAF enpresak bere produkzio prozesuetan amiantoa erabili zuela frogatzen duten sententziak, material horren eta mesotelioma gaitzaren arteko harreman zuzena, eta enpresak beharrezko segurtasun neurriak hartu ezagatik duen ardura agerian uzten dutenak.