Behinola bazen antzerki talde bat
Brinkola auzoko gazteek osatutako Beainola antzerki taldeko kideak elkartuko dira etzi bazkari batean. Frankismo garaian antzezlanak euskaraz taularatu zituzten.
Arriurdin Brinkolako elkartea Legazpiko auzoan iraganean euskal kultura hauspotu eta hari eusteko egindakoa argitara ekartzen dabil. Auzoko bertsolariak Iñaki Azarola, Bitti Agirre, Jesus Alberro eta Simon Azarola omendu zituzten moduan, orain, etenak eten, 1940ko hamarkadatik 1970ko hamarkadara jardunean egon zen Beainola antzerki taldeko kideei aitortza egin nahi diete.
Ekitaldia etzi izango da. 14:00etan bazkaria egingo dute Aitxuri jatetxean eta 80 lagunetik gora elkartuko dira. 19:00etan, Latxartegi aretoan, Segurako antzerki taldeak Iragana, lahar eta larrosa antzezlana taularatuko du (sarrerak 10 euroan salduko dituzte). Ondoren, Beainolan ibilitakoei omenaldia egin, eta oroigarri bana emango diete.
Peio Agirrezabal (Legazpi, Brinkola, 1955) umearen begietatik akordatzen da antzerki taldearekin; orain, Agirrezabal omenaldiaren antolaketa lanetan dabil beste kide batzuekin batera. «Euskaraz aritu ziren taula gainean, oso ausartak izan ziren frankismo garaiko kontrolak pasa behar izan zituztelako».
Beainolaren sorrera
1942. urtean Felipe Barandiaran apaiza, Joxe Migel Barandiaranen iloba, iritsi zen Brinkolara. Apaiz euskaltzalea eta antzerkizalea zen. Mariaren Alabak eta Luistarrak kongregazioko neska-mutilak elkartu zituen eta antzerki taldea sortu zuen. Telleriarteko Martin Ugarte Saletxe idazleak jarri zion taldeari Beainola izena. Garai hartako taldekideak zerrendatu ditu Agirrezabalek: «Pedro Arrondo, Eugenio Gerra, Eugenio Arrondo, Felisa Guridi, Elvira Olabide…». Taldea hiru urtetan aritu zen, Barandiaran Brinkolatik joan zen arte, eta hiru antzezlan taularatu zituen: Ehun dukat, Damua garaiz eta Iziartxo. Hirurak euskaraz eta Brinkolako elizako atariaren gainean zegoen mutilen eskolan aurkeztu zituzten.
Apaiz hura joan, eta antzerki jarduna eten egin zen Migel Iturbe Ezkioko apaiza iritsi zen arte. Hura ere euskaltzalea eta antzerkizalea izanik, 1957 inguruan antzerki taldea martxan jarri zuen berriro. Bigarren aro hartan egin zuen taldeak bere ibilbiderik luzeena. Hamabi urtez aritu ziren, Brinkolan eta auzotik kanpo ere, Legazpiko orduko Ibai-Ondo antzokian eta Urretxuko pasiotarren komentuko aretoan. Aktoreen artean honakoak aipatu ditu Agirrezabalek: «Paskual Zabaleta, Basili Agirre, Jesus Alberro eta Maria Angeles eta Mari Kruz Balerdi ahizpak». Zuzendari lanetan Legazpiko Bizenta Elkoroaristizabal modista ibili zen.
Brinkolan eliza ondoan auzotarren bilgune izateko eraiki zuten saloia antzerki areto gisa egokitu zuten; agertokiarekin eta kamerinoarekin.
Antzezlan ugari taularatu zituzten, «Estanis Agirre Donostiara joaten zen obren bila eta hark makinaz pasatzen zituen lan egiten zuen bulegoan, ezkutu samarrean, baina bere nagusien nolabaiteko oniritziarekin», kontatu du Agirrezabalek. Francoren diktadurak jarritako gobernadoreari baimenak eskatu behar zizkioten eta hainbat kontrol pasa ere. Galbaheak galbahe, Brinkolako gazteak euskaraz aritzen ziren. Azken garaian gaztelaniaz ere egin zuten hainbat Brinkolara iritsitako etorkinei lekua egiteko.
Taldea 1970.eko hamarraldiaren hasieran desegin zen, aktore gazteak ezkondu eta Brinkolatik irteten hasi zirenean.
Segurako antzerki taldea bidelagun izango dute
Beainola antzerki taldeari egingo dioten omenaldiaren barruan, legazpiarrek Seguran sortutako Iragana, lahar eta larrosa antzezlana ikusteko aukera izango dute etzi. Antzezlana 2017ko maiatzean estreinatutako obra bat da, Goierrin kokatuta, Primo de Riveraren diktaduratik 36ko gerra hasierara arte (1923-1937) eramango ditu ikusleak. Antzezlanean, besteak beste, Bigarren Errepublika aldarrikatu zen eguna antzeztuko dute, non Jose Antonio Agirrek Euskal Errepublikaren aldarrikapena egin zuen.













