Goierrin ari dira herriz herri giza katean parte hartuko duten herritarren sarea osatzen. Azken txanpan ekitaldi ugari ari dira antolatzen, eta izena emateko mahaiak nonahi izango dira

Ekainaren 10eko giza katea girotzeko ekitaldi jendetsua egin dute Zaldibian. // Argazkia: Zaldibiako Herri Ataria
Gure Esku Dagok Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditu ekainaren 10ean, giza kate erraldoi batekin. Guztira 201,9 kilometroko ibilbidea osatu behar da, eta 100.000 lagun inguru behar dira katea osatzeko. Horrez gain, 1.200 autobus eta 3.000 boluntario ere mobilizatuko dituzte egun horretan.
Dagoeneko ari dira herriz herri giza katea osatuko duten herritarren sarea osatzen. Izan ere, goierritarrek hamaika kilometroko zatia bete behar dute, Arabako lautadan, Murgia eta Zigoitia artean. Hamaika egun besterik ez dira falta giza katea osatzeko, eta antolatzaileek dena lotuta izan nahi dute. Azken txanpa honetan, Goierriko herri askotan izena emateko mahaiak jarriko dituzte asteburuan. Itsasondon, Lazkaon eta Legorretan, taldeko argazkia ere aterako dute; Seguran,
flash mob-a grabatuko dute, eta Urretxu-Zumarragan,
festa giroko ekitaldia egingo dute.
Giza katean parte hartzeko, herrietako mahaietan apuntatu eta 5 euro ordaindu behar da; trukean, giza katean parte hartzeko zapia ematen dute. Horrez gain, autobusa hartu behar dutenek, txartela erosi behar dute, eta ekainaren 3a da horretarako azken eguna. Helduek 10 euro ordaindu behar dute, eta umeek 5 euro.
Autokarabanentzako tokia
Giza-katera autokarabanan joateko aukera ere izango da. Murgian 40 plaza hartu dituzte Goierritik beraien ibilgailuarekin joan nahi dutenentzat. Lekua ziurtatzeko, ostiralerako eman behar da izena, herrietan, edo
goierri@gureeskudago.eus helbidera mezua bidalita.