Larunbatean Korpus eguna ospatuko dute legorretarrek aspaldiko ohiturari eutsiz. Goizean Herri Krosaren 40. edizioa jokatuko da, arratsaldean afari-merienda egingo dute plazan

Korpus egunaren inguruan festa herrikoia ospatuko dute asteburuan Legorretan. Goierriko leku gutxitan bezala gorde dute ohitura, eta datorren larunbatean, hilak 2, ospatuko dute. Goizean 40. Herri Krosa jokatuko da eta arratsaldean, berriz, afari-merienda egingo dute plazan, zahagi ardoarekin.
Goiz partea kirolari eskainiko diote. Haurren txanda izango da lehendabizi, 10:30ean, eta helduena ondoren, 11:30ean. 7,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Bilkoin, Jota Kea, Pikuk Atletismo Taldea eta Aldapa Haundi elkarteak antolatzen dute krosa udalaren laguntzarekin.
Parte hartu nahi dutenentzat izen-ematea zabalik dago eta doan da. Internet bidez
www.herrikrossa.com webgunean egin daiteke. Gainera, aurretik izena emateak saria izango du. Izan ere, modu horretan izena eman eta proba bukatzen dutenen artean Legorretako Intsausti jatetxean bi lagunentzako afaria zozkatuko dute. Udaletxean bertan ere izango da izena emateko aukera krosaren egunera arte eta 11:00etan itxiko da.
Informazio gehiago behar duenak, 943 08 50 50 edo 943 08 4 0 00 zenbakietara deitu edota
kultura.legorreta@euskal-net.net epostara idatzi dezake.
Helduen lasterketako lehenengo gizonezko eta emazkumezkoentzat garaikurrak izango dira, baita lehenengo herritarrentzat ere. Lasterketa amaitzerakoan loteak oparituko dira partaide guztien artean eta hamaiketako bat eskeiniko zaie. Dutxa zerbitzua ere izango da.
Zahagi ardoa
Aspaldiko ohiturari eutsiz, udalak zahagi ardoa eskainiko die herritarrei. Ardoa, larunbat arratsaldean banatuko dute, kuadrillen, familien eta bisitari guztien artean.
Ardo dastatze txapelketak ere ekitaldi berezia du: 29. aldiz egingo dute. Zurrut kuadrilla-koak hasi ziren antolatzen, «herrian hain sustraitua dagoen txikiteoaren ohitura indartzeko». Ondoren, plazan eseriko dira legorretarrak, afari-meriendak egiteko. Udaletxeko mahai eta aulkiak erabilgarri egongo dira Korpus festa honetarako. Horretarako, eskaera aurkeztu beharko dute legorretarrek udaletxean. Gaur izango da horretarako azken eguna.
Trafiko mozketa
GI-2131 errepidea eguerdiko 11:30etik 12:30era bere 3,500 kilometrotik 4,500 kilometrora ibilgailuen trafikorako itxita egongo dela jakinarazi du Legorretako Udalak 40. Herri Krossa dela eta.
Katilu solidarioak haur errefuxiatuei laguntzeko
Larunbatean Legorretan Korpus egunak isortuko duen jende mugimendua aprobetxatuz, Katilu Solidarioak eskuratzeko mahaia jarriko dute. Horrela, goiz eta arratsaldez izango da Grezian dauden siriar haur errefuxiatuen marrazkiekin egindako katiluak erosteko aukera. Katilu bakoitzak 10 euro baino ez du balio.
Bildutako dirua Itsas Salbamendu Humanitario elkartera eta SOS Errefuxiatuak Sareari bideratuko diete, abian dituzten hainbat proiekturekin lanean jarraitu ahal izateko.