Amiantoa, hiltzaile isila
Amiantoarekin lan egiteak osasunari sortzen dizkion kalteak aski ezagunak dira XX. mende hasieratik. Baina, 1965. urte aldera Hegoafrikan egindako azterketa zientifiko ...
Amiantoarekin lan egiteak osasunari sortzen dizkion kalteak aski ezagunak dira XX. mende hasieratik. Baina, 1965. urte aldera Hegoafrikan egindako azterketa zientifiko batek ipini zuen ageri-agerian, amianto zuntzak arnastu eta pleura-minbizi mota baten arteko lotura zuzen-zuzena, Mesotelioma deritzanarekin alegia.
Urte horietan guztietan, Mesoteliomaren eraginez hildakoen datuak ere, «oso fidagarriak ez» zirela adierazi du Jon Garzia ASVIAMIEko kideak. Baina, arlo horretan ere aurrerapausoak eman dituzte ikerlariek, eta «oraingoan bai, datu errealak emateko moduan» daudela adierazi du, Gonzalo Lopez (Carlos III. ena Ospitalea, Madril) eta Jose Miguel Sanz (Principe de Asturias Ospitalea, Madril) doktoreek egindako azterlanaren ondoren.
«Oraingoan bai, mesoteliomagatik hildakoen datu errealak emateko moduan gaude»
«Goierrin, 2017an, 21 lagun hil ziren amiantoarengatik, eta 2018a hasi zenetik 15 dira»
Jon Garzia, Asviamie
Publikatu berri diren datuokin, Garzia «oso kezkatuta» agertu da, izan ere «Euskal Herria da amiantoaren ondorioz hildako gehien duen lurraldea», ASVIAMIEko kideak argitu duenez. «Aurrerapausoa bai, mesoteliomaren eraginez hildakoen datu errealak luzatzen dituztelako doktore hauek, baina, amiantoagatik hildakoak, datu horietan agertzen direnak baino gehiago» dira. Izan ere, beste minbizi mota batzuk ere sortzen ditu amiantoaren erabilpenak, «faringekoa, biriketakoa edota peritoneakoa, besteak beste, eta datu horietan ez dira kasu horiek kontenplatzen».
Konpentsazio funtsa
Madrilgo doktoreek egindako azterlanak erakusten dutenez, amiantoaren ondorioak ageri-agerian daude eta «datozen urteetan etorriko da okerrena», Garziak uste duenez. Horregatik, «elkarteek eta adituek behin eta berriz eskatu dituzten aldarrikapenak eta neurriak aintzat hartzeko ordua» dela dio ASVIAMIEko kideak.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak amiantoren biktimentzat hain beharrezkoa den konpentsazioa-funtsa «onartu beharko» lukeela uste du Garziak, nahiz eta azken egunotako albisteek, une honetan lege proiektu dena, aurrera ez egitea eragin dezakeen. Izan ere, PSOEk, Mariano Rajoy presidentearen aurkako zentsura mozioa aurkeztu izanak, «bidean dauden lege proiektuak eten egiten ditu», Garziak nabarmendu duenez. «Oso albiste txarra da». Espainian dagoen ika-mika politikoak orain arte egindako «lan handia» egin dute porrotera eraman lezake: «Konpentsazio-funtsa lortzeko urte hauetan egindako borroka guztia bertan behera uzten du eta hori ez da batere albiste ona».
Debekua 52 herrialdetan
1965. urtean Hegoafrikan egindako azterketaren ondoren, pixkanaka-pixkanaka, «eta aldarrikapen sindikal askoren ondoren», hainbat herrialdetan piztu zen asaldurarengatik, amiantoa erabiltzea debekatzen hasi ziren Europa iparraldeko hainbat herrialdeetan eta Erresuma Batuan.
2001. urtean, Espainiako estatuak 1999ko zuzentarau europarra bere egin zuen –amiantoa Europar Batasunean erabiltzea eta merkaturatzea debekatzen zuen–. «Une honetan 52 dira debeku hori indarrean duten estatuak eta amiantoa ekoizten zuten herrialdeetako holdingen presioak gaindituz egin zen hori».
Dena den, arlo horretan ere «egiteko asko» dagoela dio. «Amiantoaren debekua indarrean sartu ondoren ere munduko hainbat herrialdetan amiantoa ekoitzi, merkaturatu eta kontsumitu da toneladaka». ASVIAMIE elkarteak datu oso esanguratsuak ditu esku artean: «2008. urtean Kanadak 180 mila tona produzitu eta 176 esportatu zituen, kontsumitu ordea, zero».
Horrelako «jarrera axolagabeek ondorio oso latzak baino ez» dituztela garbi du Garziak, eta Goierrin azken bi urteotan izandako hildakoen kopurua gogorarazi nahi izan du; «2017an Goierrin 21 izan ziren amiantoaren eraginez hildakoak, 2018a hasi zenetik berriz, 15 daramatzagu».
Garziak luzatutako informazioaz gain, aste honetan bertan, CCOO sindikatuak, Petronor enpresan agertu diren kaltetu berrien kasuak salatu ditu. Izan ere, sindikatuak berak jakinarazi duenez, «pleuran plakak dituzten bi kaltetu berri agertu dira Petronorren», horregatik, enpresari eskatu diote «amiantoa erabat kentzeko egutegia ezartzeko».