«Bizitza osoa emango nuke eszenatokian kantuan eta antzezten»
Batxilergoko bigarren mailako azken azterketak, selektibitatea eta Euskal Telebistako Bago!az kantu lehiaketaren azken txanpa. Ez du nolanahiko ikasturte amaiera izan aurten ...
Batxilergoko bigarren mailako azken azterketak, selektibitatea eta Euskal Telebistako Bago!az kantu lehiaketaren azken txanpa. Ez du nolanahiko ikasturte amaiera izan aurten Maria Redondo Mujikak (Legazpi, 2000). Azken emaitzen zain, ikasketak ondo joan dira, eta hobeto joan da telebistako lehiaketa, irabazi egin baitu. Maria Redondo izango da Go!azen 4.0 telesail musikaleko protagonista berria hurrengo denboraldian.
Nola joan dira ikasketak?
Batxilergo Humanistikoaren bigarren maila ari naiz egiten Beasain institutuan, letra puruak, latina eta guzti. Azterketak bukatu ditugu eta selektibitatea ari gara prestatzen. Dena ondo joan da, baina azken ebaluaketan notak pixka bat jaitsi egin dira, Bago!az lehiaketagatik lan pilo bat eduki dudalako. Hala ere, emaitzekin gustura nago.
Bi ikasturte amaiera izan dituzu, bata institutukoa eta bestea telebistako lehiaketakoa.
Bai, kurtso amaiera gogor samarra izan da aurtengoa.
Nola iritsi zinen Bago!az lehiaketara?
Duela bi urte aurkeztu nintzen Go!azen 2.0 telesailerako casting-era. Orduan kantu klaseetara joaten nintzen Zumarragako musika eskolara, eta casting-era aurkeztera erabaki nuen. Ez ninduten hartu, baina nire kontaktua gorde zuten eta lehenengo Bago!az lehiaketarako deitu zidaten. Casting hartan ere atzera bota ninduten berriz. Bigarren Bago!az etorri zen gero, eta ez nuen asmorik aurkezteko, baina bezperan aitak esan zidan aurkeztuta ez nuela ezer galduko eta hala egin nuen, aurkeztu egin nintzen, egun bakarrean nire saioa prestatuta.
Eta aurrera egin zenuen.
Geografia klasean nengoen telebistakoen deia jaso nuenean. Urduri nenbilen garai hartan, aurreko egunetan Madrilgo Unibertsitate pribatu baterako sarbide probak ere egin nituelako, Arte Eszenikoak eta Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua egiteko. Bi deiren zain nengoen beraz. Eta Geografia orduan nengoela deitu zidaten bi tokietatik, baiezkoa esateko, hamar minutuko aldearekin. Ezin nuen sinetsi ere egin!
Zu gustura, eta etxean?
Oso pozik daude denak. Nire lehenengo jarraitzaileak dira.
Noiz hasi zinen kantuan?
Ba 15 urterekin. Urtebete neraman kantuan casting-etara aurkezten hasi nintzenean. Legazpiko Olazabal institutuan DBH ikasten ari nintzela, musika irakasle baten ekimenez gospel taldetxo bat osatu genuen eta han atera nuen nire potentziala. Irakasleari gustatu egin zitzaion gure lana eta gelaz gela ibili ginen kantatzen. Beste irakasle batek nigan erreparatu zuen eta nire gurasoengana joan zen kantatzen ona nintzela eta zerbait egin behar zela esateko. Eta hala, Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolara joan nintzen kantua lantzera, Legazpiko eskolan ez zegoelako aukerarik.
Eta aurretik ba al zenuen kanturako zaletasunik?
Etxean bai, kantatzen nuen, baina kanpora begira ezer ere ez. Baina Murtziako musika udaleku batzuetara joateko aukera izan nuen, Maldita Nerea taldeak antolatzen dituen Maldita Beach Rock udalekuetara, eta han konturatu nintzen jendeari gustatzen zitzaiola nik egiten nuena. Hurrengo pausoa Bago!az izan da.
Bat-batean kantari orduan. Nola hezten da kantari bat?
Dagoeneko ez naiz musika eskolara joaten, baina ahotsa berotzeko eta lantzeko ariketak egiten genituen doinuarekin eta melodiarekin, eta gero abestiak lantzen genituen. Astero abesti bat prestatzen nuen, eta klasean zer zuzendu edo hobetu esaten zidan irakasleak; ikasturtean zehar gure artean kontzertu edo emanaldi txikiak ere prestatzen genituen.
«Eszenatokian dena ematen dut, disfrutatu egiten dut, eta jendeari gustatzen zaio»
«Entsegu bakarra egiten genuen coach-ekin, eta gainerakoa etxean prestatu behar izaten genuen. Oso gogorra izan da, oso urduri ibili naiz»
«Ikaragarria da Go!azen saioan parte hartzea;?nire belaunaldikoen haurtzaroa da»
Oso natural eta seguru agertzen zara telebistan.
Egia esan, publikoaren aurrean kantatzea ez zait gehiegi gustatzen, uzkurtu egiten naiz. Baina Bago!az-en ez dago publiko asko, 50 bat lagun, eta hor gustura mugitu naiz, nahiz eta kamerak aurrean egon. Kanpoan pertsona bat naiz, baina eszenatokira igotzean beste bat naiz. Eszenatokian nagoenean berdin zait guztia, eta dena ematen dut. Nik disfrutatzen dut pilo bat, eta hori jendeari gustatzen zaio. Bi mundu desberdin dira, eta hori, eszenatokikoa da nik gehien gozatzen dudana. Bizitza osoa emango nuke eszenatokiaren gainean.
Nolakoa da telebista?
Duela hiru hilabete hasi zen lehiaketa, eta astero eman dute telebistan, asteazkenetan, eta ostiraletan errepikatuta. Hasieran 32 lehiakide ginen, eta saio bat grabatu eta sailkatzen bazinen, handik lau astera arte ez zinen itzuli behar. Beraz, denbora zegoen abestiak prestatzeko. Baina azken txanpa oso gogorra izan da: asteartean grabatzen zen gala, asteazkenean hurrengo abestia ematen ziguten, eta ostegunean egiten genuen entsegua hurrengo galarako. Entsegu bakarra egiten genuen coach-ekin, eta gainerakoa etxean prestatu behar izaten genuen. Oso gogorra izan da, oso urduri ibili naiz.
Donostian izan dira grabaketak, Miramonen. Grabaketa bakoitzeko denbora pilo bat behar izaten genuen, jantzia, makillajea eta platoko emanaldia tarteko. Hasieran, partaide asko ginenean, denbora luzez egoten ginen gure txandaren zain, eta sei-zazpi ordu egiten genituen guztira. Galan ere, zure txanda azkena bazen, zain egon behar izaten zenuen, eta askotan oso urduri gainera.
Coach-ak aipatu dituzu. Zer moduz moldatu zara beraiekin?
Telebistan ematen duten irudia eta berez nolakoak diren, ez da berdina. Pertsona normalak dira, eta haiekin lan egiten duzunean deskubritzen duzu haiekin antzekotasun asko dituzula, eta oso gustura zaudela beraiekin. Egia da batzuekin besteekin baino erosoago sentitzen zarela, baina iruditzen zait telebistan ikusten denak eta errealiteak ez daukala zerikusi handirik. Alex Sardui da alde horretatik kritika gehien jaso dituena, baina nik, berari diot aprezio gehien.
Eta lehiakideekin, zer moduz?
Musu asko, besarkada asko, baina egia da lehiakortasuna zegoela gure artean. Hasieran beste giro bat nabaritzen zen, asko ginen eta lagunak egitera joan zen asko, zer gertatuko zen ikustera besterik gabe. Gero, finala hurbiltzearekin batera, irabaztea zen helburua eta hori nabaritzen zen. Hala ere, oso harreman ona egin dugu eta grabaketak amaitu eta gero [duela bi aste grabatu zen finala], jarraitzen dugu gelditzen.
Zein asmorekin joan zinen finalerdietara eta finalera?
Begira, casting-era joan nintzen ez nindutela hautatuko pentsatuz, eta lehiaketa irabazi dut! Faboritoetako bat nintzela esaten zidaten askok, baina finalerdietara iritsitakoan ikusi nuen irabazteko aukerak nituela. Hala ere, beti izan dut irabazteko ilusioa.
Zuk aukeratu al dituzu azken abestiak?
Finaleko gala oso ondo prestatu zuten telebistakoek, eta bi abesti hautatzeko aukera eman ziguten, izan ere finalera hiru iritsi ginen, eta lehen txandan abesti bat abestu behar genuen eta aurrera eginez gero, beste abesti bat. Niri Tina Turner-en The best eta Florence and the Machine abeslariaren Shake it out kantuek eman didate saria.
Eta saria Go!azen musikalean parte hartzea da.
Ikaragarria da! Ni betidanik izan naiz Go!azen-en jarraitzailea, hasierako saiotik. Gure belaunaldikoen haurtzaroa izan da Go!azen, eta ni hura ikusten hasi nintzen musika mundura hurbiltzen eta kantatzea gustatzen zitzaidala konturatzen. Beraz, nire sustrai haiek orain nire lanera lotu daitezkeela ikustea, oso polita da. Momentuz urtebeteko proiektu bat daukat aurretik.
Proiektu horretan, gainera, zure beste zaletasun bat ere landuko duzu, interpretazioa.
Bai, orain bi antzerki taldetan nabil, Beasain institutukoan, eta Zumarragako La Salleko Arco Iris taldean. Go!azen-en abestu eta interpretatu egin beharko dut. Zoragarria da!
Aurrera begira zein asmo duzu?
Ikasketak hor daude, baina oraindik ez dakit urtebetez atzeratu egingo ditudan edo Go!azen eta unibertsitatea uztartuko ditudan. Bestela, etorkizunari begira, asko gustatuko litzaidake abeslaria izatea, baina ez da musikaren mundua gehien erakartzen nauena, zinemarena baizik. Horregatik nahi nuen Go!azen saioan parte hartu, bi munduak elkartzen dituelako. Nik aktorea nahiko nuke izan.