Espainiako Auzitegi Nazionalak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio Julen Pradori
Espainiako Auzitegi Nazionalak bina urteko espetxealdira zigortu ditu Julen Prado beasaindarra, eta harekin batera epaitutako Errenteriako hiru gazteak. Laurei egotzi die 2017ko martxoaren 11n Iruñean egin zen manifestazioaren ondorengo liskarretan parte hartzea. Auzitegiaren ebazpenak larrigarri gisa jaso ditu “objektu mingarriak eta artefaktu piroteknikoak” erabiltzea eta leporatzen zaizkienak manifestazio jendetsu batean eta aurpegia estalita egitea.
Fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuen auzipetu bakoitzarentzat, desordena publiko terroristengatik. Auzitegiak, ordea, baztertu egin du fiskaltzaren eskaria. Adierazi duenez, ez da frogatu auzipetuak talde terrorista baten parte direnik, ezta talde jakin bateko kide direnik ere. Horrez gain, argudiatu du ez dela frogatu “ETAren hondarren arrastoa” jarraitu dutenik.