Korpus zortzigarren egunean garai batean ospatzen zen festatik gorde den ekintza bakarra da
Oilar jokoaren jatorria ez dago batere argi, korpus zortzigarren egunean ospatzen zen jaiaren barruan egiten zela badakite, ordea. Aspaldikoa dela ere bai. Jai hartatik gorde den ekintza bakarra da eta Legazpi da jokoari eutsi dion herri bakarrenetakoa da. Jokoa ostegunean egingo dute Euskal Herria plazan, 19:00etan.
Sokaz korridore bat zedarritzen da; ertz batean jokalaria dago eta bestean oilar bat kaiola barruan. Bidea zailagoa egiteko sigi-saga joan beharko da lehiakidea sokaz markatutako ibilbidean. Eta bidea are zailago egiten du jokalaria begiak estalita doala. Ezpata sorbaldan eramango du.
Inguruan dagoen publikoak ahotsez lagunduko dio bidean, baina, aldi berean, txistulariek ohiturazko Tranka-tranka doinua joko dute –jotzen duten egun bakarra da– eta lehiakidea nahastuko dute. Lehiakideak oilarra hurbil duela sumatzen duenean, ezpata sorbalda gainetik kendu eta oilarra dagoen kaiola gainean zirkulu bat marraztuko du ezpataz edo kaiola ezpataz ukitu. Hori lortzen duen lehiakideak irabaziko du oilar jokoa eta 20 euroko saria jasoko du. Gazte jendeak parte hartu ohi du. Amaitzean txistulariekin erromeria izango da plazan.