Musulmanek baraualdi haustera gonbidatu dituzte bizilagunak
Al Amal emakume musulmanen elkarteak iftar herrikoi bat antolatu du: Ramadana egiten ari dira eta herritarrak biharko baraualdi haustera gonbidatu dituzte. 21:15ean Urretxuko Gernikako Arbola plazara gerturatzen dutenek beraiekin arabiar
Al Amal emakume musulmanen elkarteak iftar herrikoi bat antolatu du: Ramadana egiten ari dira eta herritarrak biharko baraualdi haustera gonbidatu dituzte. 21:15ean Urretxuko Gernikako Arbola plazara gerturatzen dutenek beraiekin arabiar gutiziak jateko aukera edukiko dute.
Sakina Ouafa Hamriri, Al Amal elkarteko lehendakariak, helburua herritarrei beraien ohiturak erakustea eta Ramadanaren esanahia azaltzea dela esan du. Gainera, bizilagunekin elkarguneak eta eztabaidaguneak sortu nahi dituzte.
Ramadana islamiarren ilargi egutegiko bederatzigarren hilabetea da. Urtero 10-12 egun aurreratzen da gure eguzki egutegiarekiko. Kontenplazio eta erlijio adorazio garaia da. Karitate eta sozializazio egunak ere badira. Diziplina, autokontrola eta garapen izpirituala sinbolizatzen ditu.
Egun hauetan osasun arazoak ez dituzten helduek (Euskadin 12.000 inguru dira) baraualdia egin behar dute eguzkia jarri arte: ezin dute jan, edan erre eta sexu harremanik izan.
Iftarra, eguneko baraualdiaren ondorengo lehen oturuntza da. Euskadin duela bost bat urte antolatu zuten lehenengoz iftar herrikoi bat. Aurten, lehenengoz, Urretxun eta Zumarragan antolatu dute. Al Amalek Urretxuko eta Zumarragako udalen eta Urretxuko Bizikidetza eta Aniztasun Mahaiaren laguntza du. Al Amal Mahaiko kidea da.
Al Amal elkartea
Emakume musulmanen elkartea 2016an sortu zen. Bi helburu ditu: Urretxura eta Zumarragara heltzen diren emakume musulmanei laguntzea eta bizikidetza hobetzea. Orain arte, gaztelania ikastaroak eta emakumeentzako ahalduntze tailerrak antolatu dituzte. Aurki, arabiar sukaldaritza ikastaroa emango dute. Ikastaroa emateko tokirik ez dute oraingoz, eta elkarte baten eskaintza gustura jasoko luketela esan dute.
Saida Abara eta Sakina Ouafa elkarteko kideek orain arte egindako lana fruituak ematen ari dela esan dute. «Emakumeen ahalduntzea asko landu dugu. Lan horri esker, herriko emakume musulmanak gehiago irteten dira kalera, ekintzetan parte hartzen dute, autoestimu gehiago dute…».