Enpresa txikien nazioartekotzea bultzatuko du Goierri Valley taldeak
Duela urtebete sortu zen egun eta toki berean, urteko batzar orokorra egin du Goierri Valley enpresa elkarteak. Izan ere, gaurko egunez egin zuten elkartea eratzeko ekitaldia, Igartzan bertan. Orduan 33 enpresak bat egin zuten proiektuarekin; urte beteren buruan, 55 dira. Eskualdeko enpresa nagusietako ordezkariez gain, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Lurralde Orekako diputatua ere izan dira bertan.
Goierriko eraldaketa industrialaren motore izateko helburuarekin sortu zen Goierri Valley, eta “duela urtebete ametsa” zena, gaur egun “gorpuzten” ari dela azaldu du Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak. Markel Olanok berriz, proiektu horrek “Foru Aldundiaren estrategia ekonomiko-industrialarekin bat” egiten duela azpimarratu du. Nortasuna, lurralde oreka eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu du bere hitzaldian. Hala, “enpresen lehiakortasuna indartzeko bidean, lankidetza ezinbestekoa” dela azaldu du, eta Goierri Valleyren “eredu berritzailea”, mundu mailan “merkatuak aurkezten dituen erronkei aurre egiteko era egokia” dela.
55 enpresa eta 6.000 langile
Jose Luis Perez Orkli enpresako presidenteak, elkartearen inguruko datuak eman ditu. Egun, 55 enpresak osatzen dute Goierri Valley, eta Goierrin bertan, 6.000 langile ordezkatzen dituzte. Nazioartean berriz, 39 produkzio planta dituzte, eta munduan zehar, 41.400 langile baino gehiago. Elkarteak 350.000 euro inguruko sarrerak izan ditu lehen urtean, eta kopuru horren %36 dira bazkideen ekarpenak.
Iker Galparsoro Goieki garapen agentziako gerenteak berriz, Goierri Valley egitasmoak aurrera begira dituen proiektu eta erronka berriak azaldu ditu. Interkooperazio sarea osatu nahi dute; Win&Win proiektuaren bidez, ETE-ek nazioartekotzeko aukerak izango dituzte, enpresa traktoreek (enpresa handiak) languntzarekin. Hala, ETE-ak indartzea izango dute beste helburuetako bat. Enpresa traktoreen arteko lankidetza sarea ere bultzatu nahi dute, elkarren berri izan eta behar eta erronka komunetan elkar laguntzeko. Goierri Valley elkarteari berari dagokionez, ikusgarritasuna lortzeko ahalegina egingo dute, beraien ekimenak eta lorpenak gizarteratuz. Eta azkenik, balio erantsia duten zerbitzuak eskaintzen saiatuko dira.