Gure Esku Dagok milaka lagun jarriko ditu igandean Donostia, Bilbo eta Gasteiz artean .Goierritarrak Zuian (Araba) lotuko zaizkio giza kateari .Txanpa erabakigarria hasiko da
Gure Esku Dagoren 2014ko giza-katean goierritarrei Goierrin bertan egokitu zitzaien Durango-Iruñea kateko (123 km) begia lotzea. Igandean, Araba aldera joango dira milaka lagun, eta Zuia udalerrian osatuko dute Donostia-Bilbo-Gasteiz lotunea, Altube, Ametzaga Zuia, Murgia eta Zarate herrietan (10 km).
Kopuru handiak mugitu ditu, beste behin, Gure Esku Dagok. Atzo 84.000 lagun zeuden izena emanda (5.000 boluntario), eta etziko 100.000 espero dituzte. Goierrin, 3.500 dira, jarritako 5.500etik beherago. Gaur eta bihar izena emateko eta zapia erosteko (5 euro) aukera badago.
Euskal Herri osotik, 1.000 autobusetan joango dira ibilbidera. 201,9 kilometro ditu, zenbaki sinbolikoa: «Aurten Herritarren Ituna jarri dugu martxan. Orain arte, erabakitzeko eskubidea printzipio demokratiko bat eta eskubide bat dela landu dugu. Orain hirugarren dimentsioa eman diogu, zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan adituekin mintegiak egin, protokolo bat osatu hortik, eta herrietara eramanda 2.019 arrazoi bildu ditugu», azaldu zuen herenegun Anjel Oiarbidek Eusko Legebiltzarrean.
Mugarri bat gehiago jarri
Bestetik, datorren urteari ere keinu egiten dio zenbakiak, 2019ari. Eman eskua etorkizunari du leloa giza kateak, eta «une garrantzitsuan, herritarrak konektatuta» egotea nahi du Gure Esku Dagok. «Eztabaida instituzional bat egiten ari dira, zer estatus politiko nahi dugun gure herriarentzat. Adostasun hori urtetarako izango da. Herritarrak gertu sentitzea, parte izatea eta eragin ahal izatea ezinbestekoa da adostasun horretan», Oiarbideren hitzetan.
Donostia, Bilbo eta Gasteiz sartu dituzte ibilbidean, eta «euskal herritar gehienak bizi diren eremuetara» iritsiko da. Ez da kasualitatea hori ere; hirietan ere erabakitzeko eskubidearen alde herritarren artetik «atxikimendua nabaritzen» ari dira.
Duela lau urte bezala, ordu erdi batean egongo dira igandean milaka herritar, eskuz esku, 201,9 kilometroan zehar: 12:00etatik 12:30era. Begia 2019an jarrita, eta burua datorren etorkizun erabakigarrian.
Egitaraua eta oharrak
Igandea, ekainak 10
· 10:00. Autobusak iritsi lekura.
· 11:30. Jendea prest jarri.
· 12:00-12:30. Giza katea.
· 13:30. Jai giroa hiriburuetan.
Aholkuak
· Garraioa. Autobusak, herrika. Kotxean, km zenbakia ipini, antolakuntzak bideratzeko. Kotxeak partekatu. Autokarabanek, aurrez erreserbatu tokia.
· Irispidea kotxez. 170, 171, 172, 173 eta 174 km-etakoak N-622 autobidean (Gasteiztik) 21. irteera hartu: Murgia Ametzaga.
· 177, 178, 179, 180 eta 181 km-etakoek N-622an 17. irteera: Murgia.
· Zapia. GEDren berezia eraman.
· Oharrak. Eguraldiaren araberako arropa egokia (aterkia, bixera, krema…). Ura eta jana eraman.
· Irudiak. Argazkiak eta bideoak egin, eta sareetara igo.
Autobusak
· 170. Zumarragako plaza (8:30).
· 171. Legazpi, Aitxurin (9:00).
· 172. Arama, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia plazetan bana (8:00).
· 173. Ordizia, S.Bartolome (8:30).
· 174. Idiazabal, Mujikan (8:45).
· 177. Lazkaoko Zelaian (8:30).
· 178-179. Beasain, geltokia (8:00).
· 180. Ormaiztegi Kutxa, Segura Baratze, Zegama Elizalde (8:00).
· 181. Ataun S.Martin eta S.Gregorio plazetan; Ezkio eskolan; Itsaso Alegian; Gabiria, Zerain eta Mutiloan plazetan (8:00).