«Norberaren minak eta besteenak ulertuta, elkarrekin bizi gaitezke»
Nekane Altzelai Legazpin jaio zen, 1967an. Azkar egin du, baina, ñabardura bat. Izan ere, Telleriarte auzokoa da bera, izatez. Politikan oso ...
Nekane Altzelai Legazpin jaio zen, 1967an. Azkar egin du, baina, ñabardura bat. Izan ere, Telleriarte auzokoa da bera, izatez. Politikan oso gazte hasi zen, 18 urterekin afiliatu zen Eusko Alkartasuna alderdira, eta 27 urterekin Eusko Legebiltzarreko kide gazteena izan zen. Lau legealdi egin zituen. Ikasketaz ekonomialaria da eta, politikaren lehen lerroa utzi zuenetik, Lanbide Hezkuntzako eskola batean lan egiten du. Bake prozesua Indartzeko Foro Sozialeko bozeramailea da, eta Kanboko (Lapurdi) ekitaldian parte hartu zuen. Bakegintzan buru-belarri aritu da urteetan; batzuetan itzalean, besteetan, orain bezala, lehen planoan. Ahotsak emakume taldeko kidea da.
Nolatan sortu zenuten Ahotsak taldea?
Ardantza lehendakariaren azken legealdian eta Ibarretxeren hiruretan lan egin nuen Legebiltzarrean. Han nengoela, 2006. urtean, Ahotsak taldea sortu genuen. Bake prozesuan emakumeon parte hartze aktiboa aldarrikatu nahi genuen. Gizartearen erdia bagara, merezi dugu parte hartzea eta merezi dugu, baita ere, bakean bizitzea.
Nola deskribatuko zenuke garaiko emakumeen jarduna Legebiltzarrean?
Gizonezkoek politika orokorreko gaiak euren gain hartzen zituzten, eta guretzat ustez bigarren mailakoak ziren gaiak uzten zituzten, bereziki gizarte gaiak. 2003-2008. urte bitartean inkomunikazio handia zegoen alderdien artean; alde batetik, PP eta PSE-EE eta, bestetik, alderdi abertzaleak.
Horren aurrean guk, emakumeok, adostasun zabalak lortu genituen eta, ondorioz, Legebiltzarretik kanpo lanean elkarrekin jarraitzea erabaki genuen.
Orduan sortu zenuten Ahotsak.
Adostasun haiek kanpora atera nahi genituen. Enpatizatu genuen, inor ez baita egiaren jabea. Lortutako adostasunak orrialde batean idatzi genituen. Gaur egun, bake prozesua oso aurreratuta egonda ere, ez dakit adostasun maila hori lortzeko gai izango ginatekeen.
2006an agerraldi publiko batean, Donostiako Miramar jauregian, dokumentu hura publiko egin genuen. Ehun bat lagunen atxikipenak lortu genituen. Herriz herri ibili ginen gure esperientzia kontatzen. Guk, nonbait, agerian uzten genuen inkomunikazio garai batean ere, adostasunak lortu zitezkeela baldin eta aurreiritziak alde batera uzten baziren. Herrietan ordura arte batere harremanik izan gabe zeuden zinegotziak –abertzaleak eta sozialistak, adibidez– elkarrekin pote bat hartzen ikusi genituen. Abiapuntu bat izan zen. Gai errazetatik hasi, eta konfiantza giro bat sortuta, gai korapilatsuak elkarrekin jorratzen hasteko abiapuntu bat.
Orduan Madrilgo aireportuko T4-ko atentatua gertatu zen…
Bai. Guk, Ahotsak-ek, gaitzetsi egin genuen, eta konfiantzaren bidea urratzen jarraitzeko ahalegina egin genuen bake prozesuari eusteko. Alabaina, kritika oso zorrotzak jaso genituen eta alderdietan ere zaila jarri ziguten, nahiz eta guk beti esan Ahotsak-en geure buruak baino ez genuela ordezkatzen.
Publikoki gure lana bertan behera geratu zen, baina maila pribatuan gure arteko harremana mantendu dugu.
Eusko Alkartasuna alderdia eta jardun politikoa ere utzi zenituen. Gerora, Bake Prozesua Indartzeko Foro Soziala sortu zenean deitu zintuzten.
Bai. Politika utzi eta Lanbide Heziketako irakasle nabil. 2013an Foro Soziala sortu zenean Ahotsak taldekooi deitu ziguten, gure artean hitz egin, eta, gure ekarpena baliagarria bazen, sartuko ginela erabaki genuen. Hasieran, emakumearen parte hartzeari buruzko lanetan aritu ginen. 2016an Foro Soziala sendotu eta bertan hamalau erakunde eta hamasei norbanako atxiki zirenean gu ere atxiki ginen. Testuinguru horretan nago ni Foro Sozialean, hau da, Ahotsak elkarteko ordezkari moduan.
«Legebiltzarrean ustez bigarren mailako gaiak emakumeontzat uzten zituzten»
«[Ahotsak-eko emakumeok] enpatizatu egin genuen, inor ez baita egiaren jabe»
«Zauri eta min asko daude, eta horiek denak ixten joateko denbora behar da»
«Ulertu behar da mina daukanak min hori sentitzeko eskubide osoa daukala»
Kanboko ekitaldira iritsi aurretik zertan aritu zarete Foro Sozialean?
Nazioarteko ADA –armagabetzea, desmobilizazioa eta adiskidetzea– metodologia aintzat hartu eta urratsez urrats eman dira bake prozesua burutzeko pausoak. Lehenengo armagabetzea, 2017ko apirilean burutu zena; nazioarteko batzordeak ongi burutu zela egiaztatu zuen. Ondoren, desmobilizazioa; Kanbon maiatzean gauzatu dena, eta ETA deseginda dagoela agerian utzi duena. Orain erronka adiskidetzea lantzea da.
Eta nola lantzen da?
Talde ezberdinak ari dira lanean. Batek presoen eta iheslarien gaia jorratzen du; besteak biktimen eta memoriaren gaia. Oso lanketa zaila da zauri eta min asko daudelako, eta horiek denak ixten joateko denbora behar da. Ulertu behar da mina daukanak eskubide osoa duela mina sentitzeko, eta eskubide hori onartu behar zaio.
Nafarroako Legebiltzarrean, esate baterako, Foro Sozialak antolatutako ekitaldi hunkigarri bat egin zen. Torturatuak zeuden, Altsasuko zinegotzi sozialista bat zegoen zeinak semea kartzelan duen ETAkide izanagatik, ETAko biktimak zeuden, frankismoarenak… Gogorra eta hunkigarria. Halakoak adibide hartuta, bakoitzak bere ibilbidea egin, eta norberaren minak eta besteenak ulertuta, elkarrekin bizi gaitezke.
Gizartea elkarbizitzari dagokionean ez al doa erakundeen aurretik?
Bai. Nik gizartea pozik sumatu dut Kanboko berriarekin. Elkarbizitzari dagokionean gizarteak lezio ederrak ematen dizkigu. Orain, gertatu dena berriro gerta ez dadin, oinarri sendoak jarri behar ditugu. Enpatizatu, eta garbi izan giza eskubideak ezin daitezkeela bortxa.
Zer kontatuko diegu gure seme-alabei?
Badago jarrera bat memoria komun partekatu baten alde egiten duena. Haatik, memoria anitza da eta hori errespetatu behar da. Arantxa Quirogak [PPko legebiltzarkide ohia] bizipen batzuk izango ditu eta nik beste batzuk, bakoitzak bizi izan duenaren araberakoak. Nik semeei nola bizi izan dudan kontatuko diet; baina, esan beharko diet, baita ere, badagoela bestela bizi izan duenik. Gorroto asko zegoela esango diet eta herri bat ezin dela gorrotoan oinarritu.
Zure bizipenak zeintzuk izan dira?
ETAk norbait hiltzen zuen eta manifestazio batera joaten banintzen, espainola esaten zidaten eta ni ez naiz sekula espainola sentitu. Lizarra-Garaziko bake prozesuan aritu nintzelako etarra deitu zidaten beste batzuek, eta nik uste dut bizitza ezin zaiola inori kendu…
Non esango zenuke dagoela gaur Euskal Herria?
Une onean gaude. Hobetzeko asko badago ere, egoera ekonomikoa ez da txarra. Oinarrizko zerbitzuak bermatuta daude eta ongizate maila ona daukagu mundua nola dagoen ikusita. Une lasai honek konformismoa ekar lezake. Nik, ordea, uste dut lasaitasun hau gure herriaren kudeaketa eredua lantzeko baliatu dezakegula.
Ahotsak martxan jartzeko asmorik?
Agian sorpresaren bat emango dugu. Lanean ari gara berriro martxan jartzeko. Pentsa, 2016an adostu genuen orrialde hartan erabakitzeko eskubidearen alde egiten genuen, giza eskubide guztiak bermatuta egon behar direla… Izan ere, bakea ez da soilik indarkeriarik gabeko egoera bat, zentzua zabalagoa da: ongizate maila jakin bat behar da eta errespetua, ezberdin pentsatzen duenarekiko errespetua. Gero, kontrastean jartzean, besteak irabaz dezakeela onartzeko prest egon behar gara. Hori guzti hori da bakea.