Oposizioaren botoekin onartu da 2018rako udal aurrekontua
Maiatzeko udalbatzan onartu da 2018rako aurrekontua. EH Bilduren bost baiezko bozka, Ordizia Orainen beste bi eta udal gobernuaren abstentzioa jaso ditu
Kostata eta ia urtearen ekuadorrean gaudenean, Ordiziako Udalak 2018rako udal aurrekontua onartu du. 13.945.000 eurokoa izango da. Pasa den astean, ostegunean egin zuten maiatzeko udalbatzan onartu zuten. Azken bi urteetan gertatu den bezala, gai honek eztabaida luzeak sortu ditu eta ageri-agerian utzi ditu udal gobernuan eta oposizioan dauden bi aldeen arteko desadostasunak. Aurten ere hala izan da eta azkenean, oposizioaren zazpi baiezko botoekin (EH Bilduren 5 eta Ordizia Orainen 2) atera dira aurrera aurrekontuak. EAJk eta PSE-EEk abstentzioa bozkatu zuten, oposizioak aurrekontuari aplikatutako emendakin partzialagatik.
Badirudi Ordiziako udaletxean aurrekontu berantiarrak ohitura bihurtzen ari direla. 2016an, aurtengoan bezala, maiatzeko udalbatzan onartu zituzten, maiatzaren 26an hain zuzen ere. Iaz, 2016ko aurrekontua luzatu behar izan zuten udal gobernuak eta oposizioak adostasunik lortu ez zutelako. 2017ko ekainaren 30eko udalbatzan erabaki zen aurrekontua luzatzea. Izan ere, udal gobernua minorian ari da eta adostasuna behar-beharrezkoa du, herriarentzat lanean jarraitu nahi badu.
Emendakinak
Udal Gobernua abstenitu egin da eurek egindako aurrekontu proposamenaren aurrean. Antza, ez zaie gustatu oposizioak egindako ekarpena, emendakin partziala alegia. Aurrenkontuaren zati oso txiki bati eragiten dio horrek, aurrekontuaren %5,72ari hain zuzen ere, hau da, 798.849,38 eurori.
Oposiziak diru kantitate horri dagokion hainbat inbertsio beste era batean banatzea erabaki du eta horixe da, hain zuzen ere, emendakinak islatzen duena.
Aldaketa nabarmenen artean ondorengoak proposatu dituzte: Udal gobernuak kontenplatzen ez zuen Ordizia Plaza proiektuarentzat 63.000 euroko partida sortzea; Majoriri dagokionez, proiektuaren bigarren faserako 100.000 euro bideratzea; eta Bustuntza auzoko urbanizazio proiektuarentzat 100.000 euro bideratzea. Honi dagokionez, parte hartze prozesua egingo lukete, beharrak identifikatzeko.












