Partida nagusia hasi aurretik egin diote omenaldia Irantzu Aizpurua zenari
Emakumeen futbolak eta omenaldiak bat egin dute gaur goizean eta eguerdian Beasaingo Loinatz zelaian Irantzu Aizpuruaren omenezko III. futbol txapelketan. Goizeko 10:00etan zuten hitzordua Goierri Gorri elkarteko alebin mailako taldeek euren artean partidak jokatzeko, eta eguerdiko 12:00etan, talde nagusiak eta Real Sociedad taldeak, elkarren kontra indarrak neurtzeko. Goierri Gorrik galdu egin du partida nagusia, 1-4ko emaitzarekin.
Goierri Gorri eta Real Sociedad taldearen arteko partida hasi aurretik, omenaldirako tartea izan da. Bi taldeetako jokalariak neska alebinek egindako korridorea zeharkatuta zelairatu dira eta ondoren, zelaiaren erdian, Beasain kirol elkarteko lehendakariak oroigarri bat eman dio Beasain taldeko jokalari izandako Irantzu Aizpurua zenaren ahizpari; Realeko jokalariak ere omenaldira elkartu dira eta kamiseta bat eman diote.