CAF-ek Oslorako 87 tranbia egingo ditu
Osloko (Norvegia) Sporveien garraio operadore publikoak CAF enpresa hautatu du hiriburuko tranbia horniketa kontratuaren lehiaketan. Guztira 87 tranbia unitate egingo dituzte, eta kontratuaren bolumena 200 milioi eurotik gorakoa da. Gainera, beste 60 tranbia gehiago egiteko aukera ere jasotzen du hitzarmenak.
Osloko tranbia sareak 99 geltoki ditu, sei lineatan banatuta, eta egunero 130.000 bidaiarik erabiltzen dute. Tranbia sarea zabaldu eta modernizatu nahi du Sporveienek, eta tranbia berri horiek, egungoak ordezkatuko dituzte. Urbos gamako tranbia izango da, dagoeneko munduko hainbat hiritan martxan dabilena (Amsterdam, Flandria, Luxemburg, Birmingham…). Unitateek 34 metroko luzera izango dute, teknologia berrienekin hornituta.
CAFek orain arte lortutako tranbia kontratu handienetakoa da Oslokoa. Beasaingo enpresak Eskandinaviako herrialde horretan lortu duen bigarren lan eskaria da, dagoeneko proba fasean baitaude Gardemoeneko aireportuaren eta Osloko erdigunearen arteko express zerbitzua eskainiko duten abiadura handiko Oaris unitateak.
Erresuma Baturako diesel unitateak
Bestalde, Erresuma Batuko Wales & Borders tren frankiziak, lehentasunezko lizitatzaile bezala hautatu du CAF konpainia, azken belaunaldiko diesel unitateak berritzeko. Bi kotxeko 44 unitateren eta hiru kotxeko 26 unitateren hornikuntza eta mantendua negoziatzen ari da CAF KeloisAmery konpainiarekin. Ibilgailuak 2022ko irailean martxan egotea aurreikusten du Beasaingo konpainiak.