Segura, Zegama, Zerain, Mutiloa eta Idiazabalgo pilotarien txapelketako finalak jokatuko dituzte ostiralean Zegamako pilotalekuan. Guztira, 85 neska-mutilek hartu dute parte
![IMG-20180612-WA0010](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/06/IMG-20180612-WA0010.jpg)
Segura, Zegama, Zerain, Mutiloa eta Idiazabalgo 85 pilotari gazte XIII. bost herriarteko pilota txapelketa jokatzen ari dira martxoaren 14az geroztik. Astero-astero herri desberdinetan kanporaketak jokatu ondoren, ostiralean, 17:00etan hasita, finalak jokatuko dituzte Zegamako pilotalekuan. Guztira sei final jokatu dituzte. Aurrebenjaminak B taldean, segurarrak izango dira lehian: Ekaitz Bravo eta Igor Iparragirre, Hodei Galarzaren eta Harri Apaolazaren aurka. Aurrebenjaminak A taldean, berriz, Zegamako Eneko Ormazabal eta Iurgi Landa, Idiazabalgo Ohian Garcia eta Elorri Harreguyren aurka lehiatuko dira.
Lehenengo urteko benjaminetan, Zegama Seguraren aurka ariko da: Adei Izeta eta Mikel Otegi zegamarrak, Luken Goiburu eta Mikel Ezkerra segurarren aurka. Bigarren urteko benjaminetan, Segurako Aratz Berasategi eta Eneko Goiburu, Idiazabalgo Markel Arzelus eta Gari Aranbururen aurka lehiatuko dira batetik, eta bestetik, Aratz Collado eta Enaitz Landa zegamarrak, Oinatz Otaegi eta Abiot De Prado zegamarren aurka. Alebinetan, azkenik, Idiazabalgo eta Zegamako pilotariak iritsi dira finalera: Markel Imaz eta Aritz Mintegi idiazabaldarrak, eta Manex De Prado, Oier Errasti eta Abderahin Gelloazouzi zegamarren aurka.
Mokadutxoa amaieran
Partidak jokatu ondoren, sari banaketa ekitaldia egingo dute; finalistek kopa bana eta parte hartzaile guztiek domina bana jasoko dute. Amaieran, pilotariei eta gurasoei mokadutxoa eskainiko diete.