Ezkion erroldaturiko bizilagun guztiekin liburu bat egingo dute. Bi urteko proiektu bat da. Bizilagunei argazkiak egiteko hitzorduak jarri dizkiete larunbatetik aurrera

Ezkiotarren argazki liburu bat egiteko ideia Asier Azarolak eta Joxe Mari Gabilondok mamitu zuten. Leintz Gatzagako bizilagunekin Joxe Felix Diaz de Tuestak orain sei bat urte egindako lana izan dute inspirazio iturri. Lan hura,
Gatza izenburukoa, Ezkioko ostatuetan ikusgai dago.
Gabilondoren eta Azarolaren proiektuak Ezkioko Udalaren oniritzia jaso zuen, tarte batez geldirik egon da eta orain abiarazi egin dute. Datorren larunbatean, Ezkioko ostatuan, 11:00etan egin dute argazkiak ateratzeko hitzordu bat. Hurrengoa ekainaren 23an Ezkioko eliza atarian, 22:30ean, San Joan suaren inguruan. Ekainaren 24an beste bat, 11:00etan ostatuan; 29an, 17:00etan, udaletxean, San Pedro jaien giroan eta ekainaren 30ean, berriro udaletxean, 11:00etan, jaien ingurumarian.
Gaur-gaurkoz Ezkiok 500 bat bizilagun ditu. Iñaki Mendigurenek honela deskribatu ditu: «Hemen jaio eta sekula hemendik atera ez direnak; hemen jaio eta munduan zehar ibili ondoren itzuli garenak eta berriak, Santa Lutzi inguruan bizi den gazte jendea».
Ezkioko errolda grafikoaren xedea da herrigintzan beste urrats bat ematea, «herri kontzientzia bat pizteko ahalegin horretan beste pauso bat da», azaldu du Mendigurenek.
Iragana eta oraina

Garaion baserria, Ezkion. // Ondaregia
Orain gutxi kaleratu dute
Eusko Folklore aldizkarian Ezkiori buruzko hiru artikulu jasotzen dituen liburua. Errolda grafikoarekin iraganari begiratu baino, orainaldiari erreparatu nahi diote. «2018an Ezkion bizi garenon konstantzia utzi nahi dugu. Urteak igaro ahala balio gehiago izango du erroldak. Izan ere, nahiko ekintza berritzailea da, eta herri txikion izaerarekin oso bat datorrena, zeren hirietan halakoak egitea zailagoa baita».
Errolda grafikoan familia bakoitzari bi orrialde eskainiko zaizkio; orrialde batean familia osoaren argazkia jarriko dute kanpoan bizi diren senideak ere ager daitezke eta, bestean, Ezkion erroldaturik daudenak agertuko dira banan-banan.
Ezkiotar bakoitzak aukeratuko du zein den bere argazkiaren atzean nahi duen irudia. Baserritako bizilagunekin hasiko dira, adineko ezkiotarrak lehenetsiz. Ahots grabazioak ere egingo dituzte eta aukeratutako pasarteen transkripzioak argazkien ondoan agertuko dira liburuan.
Errolda grafikoak gaurko Ezkioren bizilagunen erretratuak jasoko ditu, akaso ez dira agertuko diren guztiak, hala ere, gonbidapena guzti-guztientzat da.