«Bizitzarako perspektiba bat ematen du Geologiak, eta txiki egiten gaitu»
Geologian doktorea da Arantza Aranburu (Olaberria, 1966). EHUn eskolak ematen ditu. Atapuercan ibilia, Aralar eta kareharriak sakon ikertua, paisaian —eta ondorioz ...
Geologian doktorea da Arantza Aranburu (Olaberria, 1966). EHUn eskolak ematen ditu. Atapuercan ibilia, Aralar eta kareharriak sakon ikertua, paisaian —eta ondorioz gure kulturan— geologiak izan duen eragina aztertzen ari da. Baita klima aldaketa ere, harrien hizkuntzalariak zientzia-arlo askotara iristen baitira. Lurraren bidea dokumentala gidatu du.
Askotan esan ohi da: ‘Harriek hizketan jakingo balute…’. Baina badakite, ezta?
Bai, adierazten badakite, eta asko daukate esateko. Irakurtzen ere jakin behar da. Gizakiok, gizarte modura, harrietan dagoena irakurtzen gutxien dakigun garaia orain da. Euskal Herriagatik ‘harrizko herria’ esaten da, eta nik uste badela halako kultura bat gurean, oso errotik lotua. Jende gehienak jakin izan du hareharria zer den, labanak zorrozteko edo sukarri modura zein erabili… Gaur ere eguneroko gauza asko arroketako mineraletatik aterata daude. Baina galdu dugu sen hori.
Zer esaten du harrizko mundu honek? Nola dago?
Asko dauka kontatzeko. 4.600 milioi urteko erregistroa dago. Pasarte batzuetan, egunerokoa; beste batzuetan, noizbehinkako fenomenoak, bolkanen koladak, adibidez. Gure inguruko arroka gehienak itsaspean sortuak dira, eta kontatzen dizkiguten historiak itsaso ezberdinei lotuta daude beti. Euskal herrian, asko jota, 200 milioi urtetik honako historia daukagu arroketan gordeta. Asko dago oraindik irakurtzeko, letra txiki asko dago xehetzeko. Garai batzuetako informazioa gehiago arakatu da eta gehiago dakigu, baina beste batzuetan oraindik titulu nagusiak baizik ez ditugu ezagutzen.
Zuk Aralar asko ikertu duzu. Hor zer kontatzen da?
Aralarrek badu bihotz bat jurasiko garaikoa, erdigunean daukana zaharra da. Ertzetatik inguratuz, kretazeoko garai berriago bat dauka; Ataun aldean oso ondo ikusten da, eta Txindoki bera. Dena kareharria da, eta niri arroka mota hori irakurtzea egin zait gustagarrien.
Itsasoan sortua?
Txindoki bera arrezife bat da, Australiako oraingo arrezife-barreraren pareko. Kretazeoko itsaso tropikal batean zegoen, sakonera txikikoa. Arrezifeak bazuen ezponda bat, Ausa Gaztelu aldera begira dagoena. Betaurreko hauekin Txindokira igotzen zarenean, koralen artean arrezife horretan igotzen zoazela iruditzen zaizu, itsaspean egongo bagina bezala ia.
Gero, tektonika tarteko, tolestu, estutu eta gora altxatu zen. Ordutik gaurdainokoan euri-urak, elurrak eta glaziarrak —egon, egon baitzen— utzitako arrastoak daude, kobazuloak. Hor, kanpoan ikusten ez dena erregistratu da. Bi mundu horiek irakurriz, pasarte askotaz jabetzen gara. Hori egiten zait erakargarri Aralarren.
Aralar polemikaren erdian dago berriz. Nahikoa zaintzen al da? Horrenbesteko kaltea eragiten al zaio?
Ez dauka erantzun erraza. Baserriko alaba naiz, baina urte asko daramat kanpoan. Kaletarrok, hango lurretan bazkatuz dituen ardi edo abereetatik bizi denarekiko errespetu handiz hitz egin behar dugu. Ez naiz inor besteen etxean sartu eta zer egin behar den esateko.
Baina, planteatuta dauden hainbat ekintzak edo iraganean egin diren hainbatek Aralarko geologian eta Aralarren gizakiok ustiatzen ditugun baliabideetan eragina izan dute. Konponbide zailena dutenak higadura eta lurzoru galera dira, eta lurzoruaren porositatea edo ehundura galtzea. Eta ura.
Gaur egun, arazorik handiena higadura da. Klima aldatzen ari da, eta ereduek diote euria egiteko modua aldatuko dela, jasa modura; horrek higadura areagotuko du. Egiten ditugun ekintzek lurzoru galera badakarte, hori ondo neurtu behar dugu. Lurzorua galtzen baldin bada, belarra galduko da, eta abere kopuruak aldatu beharko dira. Bigarren faktorea ura da.
Ura, zein zentzutan?
Zenbat eta obra gehiago egiten diren —lurra zanpatu, pistak ireki…—, horrek uraren bidea aldatu egiten du. Epe motzera agian ez, baina luzera eduki dezake ondoriorik. Azpian dagoen ur biltegi hori, karsta, zaindu beharreko altxorra dela uste dut.
«Txindoki arrezife bat da. Kretazeoan itsaso tropikal batean zegoen, sakonera txikian»
«Aralarren egiten diren ekintzak ondo neurtu behar dira, higaduragatik eta ur galeragatik»
«Lur planetari ez diogu erregistroan ondoriorik utziko, baina gugan eragina izango du»
Geologikoki hitz eginda, Aralar da Goierriren ernemuina?
Euskal Herriko arroka zaharrenetarikoak Aiako Harriak dira. Goierrin, Aizkorri eta Aralar garai berekoak dira, biak dira itsaso tropikalekoak. Inguru honetako arroka zaharrenak dira. Baina, adina gora-behera, orografiak asko baldintzatu du.
Nolako paisaia eratu den?
Horrek egin gaitu gu garena. Azken boladan paisaiaren gaian asko nabil. Paisaia ondare kulturaltzat hartzen da. Baina ez bakarrik gizakiak eman dion jantzi kulturala (artzaintza egon, pinudia egon…), baizik Aralar edo Aizkorri hor egotea geologiak baldintzatu duena ere bai. Paisaiaren hezurdura geologia da, nortasuna ematen diona, mentalitate eta izaera bat egin dituena. Eta gainetik jartzen diogun begetazioa, jantzia. Horregatik, uste dut euskaldun garela dugun geologiagatik ere; ez hori soilik, baina baita horregatik ere.
Gizakiok uzten dugun aztarna aipatu duzu. Zenbateko ondorioa uzten ari gara Lurrari?
Lur planetari, batere ez. Utziko diogu bere seinalea, meteorito batek utzi zuen bezala. Baina Lurrak jarraituko du, bere dinamika barne indarrek kontrolatzen dutelako, zorionez. Ez dago gure esku, bestela hori ere egingo genukeen. Egiten ari garen honetan guztian, kezkagarriena da gure ekintzek gugan dutela eragina: gu ari gara pilota botatzen, eta guk pairatuko dugu erantzuna. Gizakia bizitzeko egoki diren baldintzak deusezten ari gara. Baina hori gizakion problema da, ez Lurrarena. Zeini inporta zaio Lurra? Hori hipokrisia da. Lurra ez dago salbatu beharrik, guk gure burua salbatu nahi dugu.
Gizakiaren Aroa deitu beharko geniokeela diote zenbaitzuek bizi dugunari, antropozenoa.
Azken glaziaziotik honakoa holozenoa da, azken 10.000 urte. Orain, nola ari garen gizakiaren eraginez sortutako pilaketak ikusten, eta batik bat plastikoaren seinalea eta beste hainbat artefakto uzten ari garenez betiko, antropozenoa proposatu zuten. Geologoen artean batzuek defenditzen dute, eta beste batzuek diote ez dakigula aztarna hori erregistrora pasatuko den ere.
Egozentrismo hutsa hori ere?
Etorkizunetik ikusi beharko da gaurkoa. Dinosauroen egunean egunekoa ez da erregistrora pasa, pasarte batzuk baizik. Gurea seguruenik pasatuko da, baina ez dakit zer. Oxala arrastorik utziko ez bagenu erregistroan, uztera goazenerako.
Nolatan Geologia?
Sukaldeko leihotik Txindoki ikusten nuen, txikitan. Koadernoetan, orriak eta orriak neuzkan hura margotuta. Ikastolan, Beasaingo Lizeoan, Natur Zientzietako irakasle Paki Aseginolazak eta haren anaia Karlos Aseginolazak esan zidaten Geologian apuntatzeko, haiek biologoak izanagatik. Unibertsitateko bigarren urtean aurkitu nuen Geologiaren mundua.
Zer deskubritu zenuen?
Niretzat mundu bat zen, karreran gozatu egin nuen. Ez dut ulertzen nolatan ez dakigun denok Geologiaz gehiago. Filosofia bezala da, oinarrizkoa eta bizitzarako perspektiba bat ematen duena. Txiki egiten gaitu, eta umiltasun puntu hori gizarte honek geroz eta gehiago behar duela uste dut.