Literaturaren kaleidoskopioa
Goierriko irakurle taldeek bigarren topaketa egingo dute bihar, Antion (Zumarraga). Aurrez eurek irakurritakoa partekatzen dute irakurleek talde horietan.
2009an sortu zuten Urretxu eta Zumarragako irakurle taldea, eta hamabost bat lagun biltzen dira egun. Zortzi bat aldiz elkartzen dira ikasturte bakoitzean, hilean behin, eta hiruzpalau idazleren bisitak izaten dituzte. Taldea sortu zutenean, partaide gisa aritzeko asmoa zuen Azkaratek, baina gidari amaitu zuen, “erdi-kasualitatez”. Kirmen Uribe idazlearen Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) izan zen irakurri zuten lehenengo liburua. Azkaratek hala deskribatu du irakurle taldeen nolakotasuna: “Etxean irakurritakoak sortutako sentsazioak taldekideekin partekatzeko balio du talde horrek”. Babianok erantsi duenez, pertsonak “izaki sozialak” diren neurrian, “izugarri” aberasten ditu partekatzeak. “Eta, ohiko metaforari men eginez, betaurreko berriak eskaintzen dizkigu mundua une oro berrasmatzeko”. Etxeberriak ere badu zer gehitu: “Hilean behin elkartzen gara gu, eta denon artean aipatzen dugu gustatu zaigun edo ez. Arrazoitu egiten dugu liburua zer iruditu zaigun, eta oso iritzi ezberdinak jasotzen ditugu normalean”. Euskaraz, zailago? Nahikoa zabaldua dago euskarak literatura irakurleari lana zailtzen dion mitoa. Babianok hainbat hizkuntzatan irakurtzeko gai da ukatu egin du hori: “Ez dut uste euskaraz idatzitakoak zailagoak direnik. Egokitu zaigun gizartean joera askorik ez dago literatura irakurtzeko, eta euskaraz zer esanik ez”. Haren hitzetan, gaztelaniaz “askoz konplexuagoak diren testuak” irakurtzeko ohitura dute herritar askok. “Eta baita prentsa idatzian eta beste leku batzuetan ere. Apenas entzun dudan kexurik gaztelaniazko idazleei edo kazetariei buruz”. Irakurritako liburuari buruzko norberaren gogoeta partekatzean datza saioen dinamika; Urretxu-Zumarragako taldean bai, behintzat. Hortik abiatuta, elkar hartuta sortzen da solasaldia. Ikasturtean zehar badira bestelako saioak ere, ordea, eta, Etxeberriaren hitzetan, euskararen beraren ekarpenak dira horiek. “Idazleak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen digu gure herria txikia izateak”. Idazleekin “ezberdinak” izaten dira saioak. “Haien kontaketak pisu handia dauka, taldekideen sentsazioak entzuteak baino handiagoa”, azaldu du Azkaratek. Alde horretatik, Arantxa Urretabizkaia, Eider Rodriguez, Uxue Alberdi, Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga eta beste hainbat idazle ezagutzeko aukera izan dute. Urretxu-Zumarragako idazleak ere gonbidatu izan dituzte, Antxiñe Mendizabal eta Andoni Salamero, tartean. Urteen poderioz, ohiko bihurtu da San Agustin bere bakardadean irakurtzen ari zela konturatu zeneko harridura sentsazio hura; bakarrik eta isiltasunean irakurri ohi da gaur egun, baina irakurle taldeetan partekatu egiten dute irakurritakoa, eta saio bakoitzean bistan gelditzen da literaturaren kaleidoskopio izaera. Izan ere, irakurle beste irakurketa ditu literatura onak; finean, Atxagak dioen moduan, nork bere barrutik paseatzeko aukera ematen baitu.“Etxean irakurritakoak sortutako sentsazioak taldekideekin partekatzeko balio du irakurle taldeak”
Gorka Azkarate (Irakurle taldeko gidaria)“Ez dut uste euskaraz idatzitakoak zailagoak direnik, baina gizartean ez dago ohiturarik literatura irakurtzeko”
Mikel Babiano (irakurlea)“Idazleak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen digu gure herria txikia izateak”
Marijo Etxeberria (irakurlea)