Aitor Sagarna 'Saña' omendu dute Goierriko eskubaloiak eta lagunek, Ormaiztegin
Ormaiztegiko Zubipe kiroldegia omenaldi hunkigarri baten plaza izan da, gaur goizean. Aitor Sagarna Calvo Saña eskubaloi jokalari izandakoa omendu dute lagunek eta kiroleko kide izandakoek. Urtarrilaren 21ean hil zen, 42 urterekin, minbizi bortitz baten ondorioz. Hutsunea utzi duela sentitu eta adierazi dute omenaldira batu diren lagun ugariek.
Sañaren argazki bat eta ohorezko hitzak frontoiko horman jarrita, eta haren izen-argazkiekin hornitutako kamisetak soinean, familiakoei harrera egin diete lehenik. Ordurako harmailetan ziren kuadrillakoak, lagunak eta herkideak. Kantxan, ohorezko korridorea eginez, Sagarnarekin jokatutako eskubaloilari asko. Agurra dantzatu, lore sorta eta kamiseta bana oparitu, eta bi oroimen-plaka eman dizkiete Ormaiztegi Kirol Elkarteak eta Urola eskubaloi taldeak. Bertso bat ere kantatu du Txamakok, hunkituta.
Mutiko zela hasi zen Aitor Sagarna Ormaiztegin eskubaloian. 2003 inguruan erretiratu zen. OKEren maila guztiak igaro zituen, eta 2. Nazionalean jokatu zuen. Taldeko erreferenteetako bat zen. Izaera bizia eta nortasun handikoa, harroak umiltzen eta apalak hauspotzen iaioa zen. Nola kantxan, hala kalean ondu zituen laguntasunak goraipatu dituzte haren lagunek.
Omenaldiaren ondoren, Ormaiztegik eta Goierriko konbinatu batek (Urola eta Ordizia taldeetan ibilitakoak) partida jokatu dute, denak Sagarnarekin jokatutakoak. Batere inporta ez duen arren, 17-18 irabazi du Goierriko konbinatuak. Ormaiztegik, azken segundoan, aldeko falta ez du jaurti; Sañak egingo zukeen bezala. Ondoren, Lierniko Mujika jatetxean bazkaria dute 64 lagunek; Sañak nahiko zukeen bezala.
Argazkiak: Aimar Maiz