Ampo taldeko Xabier Murgiondok irabazi du Euskadiko afizionatu txapelketa, Seguran
Goierriko Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeak lortu ditu, gaur, Euskadiko errepideko txirrindularitza txapelketan lehenengo bi postuak. Seguran jokatu da titulua, 60. San Joan Probaren baitan. Afizionatu mailako lasterketa gorena izan da. Xabier Murgiondo oñatiarra izan da irabazle, eta, ondorioz, berak jantzi du Euskadiko onenaren txapela. Bigarren, Unai Cuadrado zigoitiarra izan da.
Mikel Gaztañaga itsasondoarrak zuzentzen duen Ampo taldeak iaz ere Euskadiko errepideko txapelketa irabazi zuen. Gaur, lasterketak 113 kilometroko ibilbidea izan du, Segurako lasterketetan ohikoa den bezala Lierniko birari bost itzuli egiteko (azkeneko biran Zeraineraino igo dira).
Erabat puskatuta iritsi da tropela Segurara. Azkeneko biran, Murgiondok bakarrean jarraitu du aurrera, eta Lierniko azken igoera eta Zeraingoa ihes eginda egin ditu. Cuadrado, atzetik zihoan beste taldetxo batean joan da. Segurako sarreran aurreratu zaie iheskideei, eta Murgiondoren atzetik bertan helmugaratu da.
Murgiondo 2017an igaro zen afizionatuetara, Ampo taldean. Gipuzkoako txapeldun izan zen, erlojupekoan. Cuadrado arabarra, berriz, aurten iritsi da Goierriko taldera, Quick Step-Telco’m-Gimex taldetik.