Beasain Institutu Publikoak ekitaldi instituzionalarekin eta bazkariarekin bukatuko du, gaur, 50. urteurreneko ospakizun sorta
Ikasturtea ahitzearekin batera, Beasain Institutu Publikoak gaur du sorreraren 50. urteurreneko azken festa-eguna. Beasaingo udaletxean ekitaldi instituzionala izan dute lehenengo. Aitor Aldasoro alkatea, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea eta Josune Lopetegi Beasain BHIren zuzendaria izan dira. Ondoren, 180 bat lagunek bazkaria izango dute Nafarroa Etorbideko frontoian. Bazkal ondoren, bertsolariak ariko dira, eta erromeria Guri5 musika taldeak girotuko du. Guztiak Txindoki institutuko ikasleak izandakoak.
Alkateak eskerrak eman dizkie Txindoki institututuko eta Beasain BHIko hezkuntza komunitatea osatzen duten guztiei. Lopetegi zuzendariak, 50 urteko historia errepasatu du, baita aurten urtemuga ospatzen egin dituztenak ere. Beste 50 urtera jarri du begia azkenik, etorkizunerako erronkak aipatzeko.
Alonso sailburuordeak zehaztu ditu euskal hezkuntza publikoaren egitekoak, beharrak eta ildoak, aurrerantzerako. “Hezkuntza ez da instrukzioa bakarrik, gaur egun. Egoera ezberdinetan jarri behar du, eta ikasleek ere egoera horietan ikasi behar dute. Eleaniztasuna, teknologia berriak, ebaluazioa eta inklusibitatea behar ditu ezaugarri”, azaldu du Alonsok.
Beasain BHI, Beasaingo hiru ikastetxeren baturatik sortua da. Antzinakoena Txindoki institutua da, 1968an irekia, bigarren hezkuntzarako. Mila ikasletik gora ditu gaur egun. EAEko ikastetxe handienetakoa dela nabarmendu du sailburuordeak: “Proiektu sendo bat ezagutu nuen hemen, duela urte asko. Irakasleak eta hezkuntza komunitate osoa oso inplikatuta zeuden, eta ondo garatu du proiektua. Matrikulazio-tasa hazten ari da, eta berrikuntza ere badu. Beasaingo institutuaren ezaugarriak baloratzekoak dira”.