Ordiziako baratze parkea gaur zabaldu du udalak. San Joan auzoan, hilerriaren aldamenean, lursail publiko batean 35 partzela eta baratzegintzarako prestatutako baliabideak jarri dituzte. Norberak etxerako barazkiak eta ortuariak ekoiztea, eta elikadura osasungarriaren aldeko aukera bat jartzea dira baratze publikoen helburuak.
![Ordiziako baratze parkea, San Joan auzoan, hilerriaren ondoan dago. Gaurtik, zabalik./Aimar Maiz](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/06/303702.jpg)
Ordiziako baratze parkea, San Joan auzoan, hilerriaren ondoan dago. Gaurtik, zabalik./Aimar Maiz
Gipuzkoako 19. baratze publikoa da Ordizia. Goierrin bertan, hainbat herritan badira: Legorreta, Lazkao, Beasain… Ordiziako baratzeetarako deialdiak arrakasta izan du: 35 partzelatarako, 80 eskatzailek eman zuten izena. Itxaron-zerrenda osatu dute gainerakoekin. Interesa dutenek Ordiziako Udalera hots egin behar dute, zerrendan sartzeko. Urtebeteko epea dute erabiltzaileek, luzatzeko aukerarekin.
![Baratzeetako erabiltzaileentzat etxola, aldagelatarako nahiz biltegitarako./A. Maiz](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/06/303710-300x200.jpg)
Baratzeetako erabiltzaileentzat etxola, aldagelatarako nahiz biltegitarako./A. Maiz
Baratzeen sarreran etxola bat eraiki dute. Han gorde ahalko dituzte tresnak, eta aldagela modura ere balioko du. Alboan, barazkiak garbitzeko arraska ere badu, baita konposgunea ere.
35 partzelatatik gehienak (31) 30 metro koadroko azalerakoak dira. Beste bi handixeagoak dira, eta mugikortasun mugatua dutenentzat izendatuta daude beste bi.
Gaur goizean zabaldu dute baratzea. Han izan dira Ordiziako Udaleko Jose Miguel Santamaria alkatea, Joseba Aranburu Ingurumen zinegotzia, Rosa Aurkia udal teknikaria eta Kutxa Ekoguneko Baratze Parke Sarearen ordezkari Itsaso Olaizola. Landareak banatu dituzte erabiltzaileen artean, eta ikastaro txiki bat ere eman dute Ekogunekoek.
![Kutxa Ekoguneko teknikariek ikastarotxo bat eman diete erabiltzaileei, eta landareak banatu dizkiete./A. Maiz](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/06/303704.jpg)
Kutxa Ekoguneko teknikariek ikastarotxo bat eman diete erabiltzaileei, eta landareak banatu dizkiete./A. Maiz
![Ordiziako baratzeak](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/06/303708.jpg)
Landareak. Lurrean sartzeko giroa egitea falta da orain./A. Maiz