EH Bilduren eta Ordizia Orainen aldeko bozkekin maiatzean onartu berri den 2018rako udal aurrekontuaren inguruan azalpenak eman ditu udal gobernu taldeak.
Pasa den maiatzaren 21ean onartu zuen Ordiziako udabaltzak, 2018rako udal aurrekontua, EH Bilduren eta Ordizia Orainen aldeko bozkekin. Udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenaren inbertsioen atalari eragiten zion emendakin partziala aurkeztu zuen oposizioak, eta aldaketa eginda, horrela onartu zuten aurrekontua. Udal gobernuan dauden bi alderdiek ordea, EAJk eta PSE-EEk, abstentziora jo zuten. Orain, udal gobernu taldeko ordezkariek egoera horri buruzko beren jarrera ezagutzera eman dute eta, bide batez, gai honen inguruan oposizioko taldeek berriki egin duten agerraldiari erantzun diote.
Ordiziako alkate Jose Migel Santamariak adierazi duenez, «oposizioa beste behin ere ordiziarren interesen aurretik, bere interesei lehentasuna ematen ari da». Horren inguruan, garbi utzi nahi izan du ez dela aurrekontua onartu dutelako, «emendakina osoko bilkuraren aurretik ez aurkezteagatik baizik». Oposizioak «helburu garbi bat» duela salatu du: «Gobernu taldea ahultzea» eta «azarotik haiek ekarpenak egiteko eta akordioetara iristeko zain» zeudela ere gehitu du. Izan ere, «adostasunerako aukera eta borondatea egon» badagoela nabarmendu du. Baina oposizioagatik «gauza bera ezin esan» daitekeela ere adierazi du Santamariak, «haien helburua gobernu taldea boikoteatzea» dela argudiatuz. Oposizioko ordezkariei mezu bat ere bidali die: «Horren txarrak bagara, badakite zer egin gehiengoa izanik».
Hori guztiaz gain, «onartu berri den aurrekontua gauzatzea zailtzen duen beste kontu bat» ere badela adierazi du Ordiziako alkateak. Izan ere, Santamariaren hitzetan «aurrekontu egonkortasunaren printzipioaren legea urratzen du, eta legeak defizita zero izatera behartzen du».
Gainera, Santamariak esan du «hainbat proiektu krisian jarri» dituztela. Besteak beste, «Majoriko proiektua». Horregatik, alkateak ondorengoa ondorioztatu du: «EH Bilduren eta Ordizia Orainen helburua da guk hobekuntza obrarik ez egitea».
Oposizioaren ezgaitasuna
Udal gobernu taldeko talde sozialistak duen ordezkari Iñaki Dubreuilen iritziz, «oso adierazgarria da legealdiaren hasieratik oposizioako bi alderdiak, aurrekontuetan elkarrekin egotea eta esatea ahalegin handia egin dutela ordiziarren interesak ez daitezen kaltetu, gobernu taldearen ezgaitasunaren ondorioz». Horren harira gehitu du «ohiturik gauzkaten demagogia kapa baten azpian, beren ezgaitasuna ezkutatzeko egiten» dutela.
Bukatzeko, udal gobernuko ordezkariek esan dute «ordiziarren aldeko dedikazio, ahalegin eta lana murriztuko ez» dituztela. Eta «zangotrabak eta oztopoak oztopo, legealdiaren bukaerara arte halaxe» jarraituko dutela.