Igor Esnaolak Gipuzkoako Sega Txapelketako finala jokatuko du
Gipuzkoako Sega Txapelketako finalean izango da Igor Esnaola segalari legorretarra. Asteburuan Urnietan jokatu den kanporaketan parte hartu du, eta bere taldean 2. sailkatu da, Julen Gabirondoren atzetik, 1.447,5 kilo ebakita.
Asteasun jokatuko dute Gipuzkoako finala uztailaren 8an. Esnaola eta Gabirondorekin batera, Jokin Etxeberria eta Andoni Goikoetxea ere sailkatu dira. Finalean, ordubeteko lana osatu beharko dute segalariek.
Azkartasun txapelketa, igandean
Ohiko sega modalitateko txapelketaz gain, igande honetan Gipuzkoako Azkartasun Txapelketa ere jokatuko dute. Zizurkilen izango da, 18:30ean hasita. 100 metro karratuko sail bana ebaki beharko dute segalariek. Igor Esnaola legorretarra izango da Goierriko ordezkari bakarra; beste hamar segalarik ere parte hartuko dute.