Foru aldundiak, Gipuzkoako 70 kargudunekin batera aurkeztu dute .Bertan izan dira Goierriko 20 herritako udal ordezkariak .Irudi bateratua eta erantzun komuna eskaintzea da helburua
Indarkeria sexistaren aurkako «fronte bateratua eraikitzeko» hurrengo urratsa eman du Gipuzkoak: indarkeria sexistaren aurkako erantzun publiko instituzionalerako udalerrientzako lehen protokoloa. Atzo aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako 70 kargudunek parte hartu zuten jardunaldian. Tartean izan ziren Ataun, Beasain, Ezkio, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsaso, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarragako udal ordezkariak.
Protokoloa «aitzindaria» dela nabarmendu zuten aurkezpenean. Honela, Gipuzkoa osorako protokolo bateratu eta estandarizatu bat osatzeak, ibilbide honetan eman beharreko hurrengo pausoa eta irudi bateratua proiektatuko dituela diote, bai lurralde mailan, bai diskurtso mailan eta baita maila sinbolikoan ere,?«zabaldu nahi den ideia argia eta indartua eman ahal izateko eta herritarrekin batera emakumeen aurkako indarkeria mota guztiei aurre egiteko fronte komun bat eratzeko». Aldundiaren esanetan, eragile sozialen inplikazioa ere lortu dutenez, «lurralde mailako batasuna eskaini nahi da» protokoloarekin, «irudi bateratua eta erantzun komuna eskainiz».
Horretarako, esparru juridiko, terminologiko eta koordinatua zehazten da indarkeria matxista kasuen aurrean, pautak emanez eta erantzunerako bideak zehaztuz. Honela, «gerta daitezkeen eszenario ezberdinak deskribatu eta horien aurrean eman beharreko urratsak erakutsi eta antolatu dira».