Energiaren Euskal Erakundeko arduradunak Tolosan izan dira gaur goizean, Tolosaldeko herriei trantsizio energetikoarekiko hartutako konpromisoa aitortzeko.
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Goierriko eta Tolosaldeko udalek “euskal trantsizio energetikoa” bultzatzeko hartutako konpromisoa azaldu dute gaur, Tolosan egindako ekitaldian. Usabal kiroldegia bisitatu dute, trantsizio energetikoaren adibide moduan, argiteria publikoan energia berriztagarriak erabiltzen hasi baitira bertan. Bide beretik, Goierriko eta Tolosaldeko udal guztiek bat egin dute konpromiso horrekin, eta Tolosan bildu diren ordezkariek, konpromiso hori egiaztatzen duen ziurtagiria jaso dute.
Usabal kiroldegia 2015ean hasi zen EEErekin lankidetzan. Kogenerazio-instalazio bat egin zuten, eta horrekin, “bero-eskaeraren zati handi bat” estaltzen dutela azaldu du Asier Martin Usabaleko gerenteak. “Galdarak une jakinetan erabiltzen ditugu, errefortzu bezala, eta sortzen den elektrizitate guztia autokontsumorako erabiltzen dugu”. Era berean, bero-trukagailu bat instalatu zuten, igerilekuetatik erretiratzen den ur beroarekin sartzen den ur hotza berotzeko. Instalazioen energia-efizientzia hobetzeko ahalegina osatzeko, argiteria LED teknologiara egokitu eta presentzia sentsoreak ere jarri zituzten.
EEEko ordezkariekin batera, Tolosaldea Garatzen, Goieki eta Uggasa garapen agentziek parte hartu dute proiektu horren garapenean. Hala, erakunde horiek ere
Energiaren Bidea-Euskal Energiaren Trantsizioa udalean bereizgarria jaso dute. EEEren laguntza programak 800.000 euroko aurrekontua du eta Toki Administrazio Publikoari zuzendutako energia-aurrezpena eta energia berriztagarriak sustatzeko proiektuetara bideratzen dituzte.