Zaldibiako udal informazioa eskuko telefonoz zabalduko dute
'Zaldibiapp' aplikazioa garatu du IZTk, udal-herritar harremana bi norantzetan erraztu nahian. Zazpi zerbitzurekin hasi da. Androiderako deskarga liteke jada
Zaldibiako erakunde nagusiaren eta herritarren arteko komunikazioa, hartu-emana eta informazio jarioa errazteko, beste baliabide bat aurkeztu du Zaldibiako Udalak: eskuko telefonorako Zaldibiapp aplikazio informatikoa. Sakelakoetan instalatu, eta udal nahiz herri informazioa jaso ahalko da, erraz eta erabilgarri.
Herritarrek udalari jakinarazpenak edo oharrak bideratzeko ere erabili ahalko dute, bi norantzetarako pentsatuta eta prestatuta baitago aplikazioa.
«Udalaren eta herritarren arteko hartu-emanean beste pauso bat eman nahi genuen, teknologia berriak baliatuz. Duela zazpi urte zaldibia.org ataria sortu zen, herriko taldeei ahotsa emateko. Dinamika eta bizi propioa du orain, eta erreferente bat da herrian», dio Eztitxu Mujika Parte hartze zinegotziak.
Sakelakorako aplikazioarekin, «Zaldibiako errealitatea eraginkor eta sinple» txertatu nahi dute, orain. Andoaingo IZT informatika enpresak garatu du, atariaren egile berak. Microsoften Android sistema eragilearentzat Google Play-tik deskarga liteke dagoeneko. Apple-ren IOS sistemarako, «aste pare bat edo zerbait gehiago» itxaron beharko da, garatzen ari baitira. Zaldibiapp hitzarekin bilatu behar da.
Hiru informazio mota
Zazpi atalekin abiatu da Zaldibiapp, baina beharraren arabera alda, gehitu edo kendu litezke etorkizunean. «Herritarrei kanalak irekitzea izan da helburua, modu sinplean komunikatzeko herritarren eta udalaren artean», azaldu du IZTko informatikari Kepa Sarasolak. «Beharra dagoenean», erabiltzeko animatu du alkateak.
Zaldibiapp aplikazioa
HELBURUAK:· Informatzailea. Udalaren eta herriko informazioa zabaldu.
· Hedatzailea. «Zaldibiako errealitatea» teknologia berrien bidez txertatu, «eraginkor eta sinple».
ATALAK:· Alertak. Udalak herritarrei abisuak emateko kanala, gertaera berezietan: istripuak, bide mozketak, ur mozketak…
· Telefonoak-ordutegiak. Udaletxekoa, udal zerbitzuena, hezkuntza, osasun zentrokoa… Zuzenean telefonoz deitzeko era.
· Albisteak. Udal webgunekoak (zaldibia.eus) eta herri atarikoak (zaldibia.org).
· Agenda. Bi guneetakoa ekarriz.
· Abisu emateko. Herritarrek udala ohartarazteko, matxura, kalte edo arrisku guneei buruz. Argazkia eta GPS lokalizazioa bidaltzeko aukera.
· Azpiegituren erreserba. Udal instalazioak (antzokia, gimnasioa, sauna, kultur etxea…) edo materialak eskatzeko bidea.
DESKARGAK:· Android. GooglePlay.
· IOS. Bi aste barru.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.