Andrez Urdaneta
Ikasturteari amaiera polita eman nahian, kontzertua antolatu dute Ordiziako Urdanetako ahots txikiak, Emotio eta Urdanetako ahotsak abesbatzek. Emanaldia, bihar, ostirala izango da, Parrokian, 20:15ean hasita eta herritar guztiak gonbidatuta daude hitzordura.
Biharko emanaldia ez da ohiko emanaldia izango. Ondo prestatu eta egitaratu duten emanaldia izango da eta «musikaren bidez istorio bat ere kontatuko» dute, antolakuntzan aritu den Debora Herrerok adierazi duenez. Izan ere, Ordiziako pertsonaia historiko bati keinu bat egin nahian, hark izandako bizitzaren inguruan egituratu dute kontzertua.
Pertsonaia hori, Fray Andres de Urdaneta da eta hark Mexiko eta Filipinar irlen inguruan egindako bidaiak ekarriko dizkie entzuleei. Horretarako, Urdanetak bidaia haietan zapaldutako lurraldeetako kantak abestuko dituzte, hiru abesbatzek batera.
Hainbat musikariren laguntza ere izango dute; Ricardo Gomez (gaita), Agustin Domaika (Kitarra), Joxi Iturrioz (kitarra), Marisa Olano (pianoa) eta Jesus Mari Andres (perkusioa) musikarien laguntza izango baitute.