Goierri garaiako lau udalek elkarlanean LurZurola kanpaina martxan jarri dute. Kanpainaren harira herrietan marrazkiak egin dituzte, hiri altzarietan etiketak jarri, eta haziak hartzeko aukera dago.
Ovidiok (Kristo aurretik 43-Kristo ondoren 17) munduaren kreazioarekin hasi zuen bere
Metamorfosia. Dioenez, hasieran Kaosa zen jaun eta jabe, natura halako masa latz eta ordenik gabekoa zen.Lurra zegoen, baina aldabera zen; itsasoa zegoen, baina ez zen nabigagarria eta airea egonda ere, argirik gabekoa zen. Indar guzti-guztiak elkarri mokoka ari ziren. Naturak berak edo jainkoak borroka hura ebatzi zuen, eta lurrari dagokionez, globo baten moduan biribilkatu zuela dio Ovidiok. Naturak errekak gehitu zizkion lurrari, batzuk itsasoraino joan zitezen eta beste batzuk lurrak berak irentsiko zituenak. Geroago sortuko zuen gizakia.
Bi mila urte baino gehiago igaro dira Ovidiok
Metamorfosia idatzi zuenetik eta, egungo giza-pertsonon munduren egutegian gaur, Lurzoruaren eta lur emankorren Nazioarteko Eguna da. Akaso, lurzorua baliabide bat dela bai, baina berriztagarria ez den baliabidea dela gogoratzeko eguna izan daiteke. Hori da, hain zuzen, Goierri garaiko herrietan abiarazi duten
LurZurola. Lurra, zu eta Urola kanpainaren ardatza. Sentsibilizazio kanpaina bat da, lurzoruaren garrantziaz jabetzeko beste aukera bat.
Kanpainak hiru zutabe ditu eta hirurak grafikoki ikus daitezke egunotan Legazpin, Urretxun, Zumarragan eta Ezkion. Zutabeetako bat da marrazkien bitartez bultzatzen ari diren sentsibilizazioa. Urretxun, Urola errekaren magalean, adibidez, sugandila bat margotu dute; Legazpiko Latxartegi parkean munduko mapa margotu dute eta lurrazala irudikatzeko lurra eta belarra erabili dituzte. Marrazkiok, antolatzaileek diotenez, elikaduran lurzoruak duen garrantziaz jabetuaraziko digute, beste izaki bizidunen elkarbizi beharraz, estolderietatik zikinkeria botatzean errekari egiten diogun kalteaz, aldaketa klimatikoaz eta beste.
Ikusmina sortu du
Beste zutabe bat da hiri altzarietan jarri dituzten etiketak, non lurzoruari buruzko informazio aipagarria erantsi duten. Hirugarren zutabea haziekin egindako paperezko orritxoekin osatu dute. Kanpainaren karteletan eskura jarri dituzten orrietatik haziak hartu daitezke, eta herritarrek landatu ditzaten nahi dute. Legazpiren kasuan udaletxean, kultur etxean, kiroldegian, gizarte zentroan eta Laubideko bi iragarki tauletan ipini dituzte. Beste herrietan antzeko tokietan daude haziak, hartu eta landatzeko. Kanpainak ikusmin handia sortu duela diote Legazpiko Udalean.
Gizakia sortu, dio Ovidiok, eta lurrak latza eta ordenik gabekoa izateari utzi zion, «eta giza irudi ezezagunez jantzi zen». Ezezagun horiek lurra agortezina balitz bezala bizi dira bi mila urteren bueltan.