Agintaldiko hiru urteak «biziak eta zailak» izan direla adierazi du udal gobernu taldeak. Agintaldia bukatu arte, EAJ eta PSE-EEren arteko lankidetzarako konpromisoa berretsi dute
Agintaldia bukatzeko urtebetera, Ordiziako udal gobernu taldea osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, azken hiru urteotako balantzea egin dute. Orain arte bizitakoa «oso bizia eta zaila» izan dela adierazi dute. Horrez gain, bi alderdien arteko akordioa Ordiziarentzat «positiboa eta onuragarria» izan dela nabarmendu dute. Hori horrela, agintaldia bukatu arte bi alderdien arteko konpromisoa berretsi dute.
Jose Migel Santamariak eta Iñaki Dubruilek, bi alderdietako bozeramaileek «desadostasunak bizi, sufritu eta gainditu» dituztela onartu dute. Hala ere, «Ordiziarentzat bien arteko akordioa ona delakoan, egoerei aurre egin» dietela ere esan dute.
Agintaldia definitzerakoan, «zaila» izaten ari dela aitortu dute. Arrazoi nagusi bezala, «aurrekontuak eta horren aurrean oposizioak izandako jokaera» aipatu dituzte.
Hala eta guztiz ere, «herrian begibistakoak diren hobekuntzak» egin direla adierazi dute.
Betetako konpromisoak
Santamariak eta Dubreuilek, egindako kudeaketak izandako alde «positiboa» nabarmendu dute. Horren harira, «legealdia hasterakoan hartutako konpromiso asko» bete dituztela esan dute. Hasteko, «herritarren parte hartzeari emandako bultzada» nabarmendu dute. Horren adibide gisa, «hondakin, kirol eta mugikortasun mahaiak, osasun taldea eta aurrekontu parte hartzailea» aipatu dituzte besteak beste.
Hiru urte hauetan burututako proiektuak ere gogorarazi dituzte, eta «horietako asko errealitate bilakatu» direla esan dute.
Hirigintzari dagokionez, «esfortzu handia» egin dutela adierazi dute. Adibide gisa, «Antolamendu Plan Orokorraren aurrerakinari emandako bultzada, Altamira eta San Bartolome auzoetan egindako urbanizazio lanak, irisgarritasun hobekuntzak eta Floreagan alokairuan jartzeko etxebizitzak eraikitzeko egindako kudeaketa» aipatu dituzte.
Hori guztiaz gain, «gizarte zerbitzuetako plan estrategikoa, enplegua bultzatzeko martxan jarritako bi planak eta Ekimena egitasmoa, adikzioen prebentziorako plana, desfibrilagailuak jarri izana, Katxalinen bulego berria, baratze parkea, kiroldegia berritzeko proiektua, Altamirako belarra berritzea eta Oianguko Natur Eskola» ere aipatu dituzte.