Urretxu-Zumarragako Travolta gaztea
La Salle-Legazpi ikastetxeko 1. eta 4. DBHko ikasleek musikal bat prestatzen dute urtero. Aurtengo ikuskizuna egiteko 1970eko hamarkadako pelikula ezagunenetako batean oinarritu dira: Saturday night fever (Larunbat gaueko sukarra). Atzo
La Salle-Legazpi ikastetxeko 1. eta 4. DBHko ikasleek musikal bat prestatzen dute urtero. Aurtengo ikuskizuna egiteko 1970eko hamarkadako pelikula ezagunenetako batean oinarritu dira: Saturday night fever (Larunbat gaueko sukarra). Atzo ikaskideen aurrean antzeztu zuten eta gaur gainontzeko herritarren aurrean arituko dira. Sarrera guztiak salduta daude.
Urtero musikal bat egiten dute, dantza egitea asko gustatzen zaielako. Gazteek antzezlan ezberdinak proposatzen dituzte eta taldeko arduradunek (Marisa Urkiola eta Amaia Elizburu irakasleek) horietako bat hautatzen dute.
Azken urteetan Grease, Oliver Twist, Mary Poppins, The lion king eta Miguel Boseri buruzkoa egin dituzte, besteak beste. Aurtengorako, Saturday night fever aukeratu dute. 90 gazte inguruk parte hartu dute. Batzuek gidoia idatzi dute eta besteek koreografia prestatu dute.
Azken entsegua asteazkenean egin zuten. Atzo, berriz, ikaskideen aurrean aritu ziren. 90 bat gazte igo ziren antzezlekura. Denen buru, Alex Agustin. John Travoltak pelikulan egin zuen moduan, Tony Maneroren rola bete zuen.
Gazteek, filmak ezagun egin zituen Bee Gees taldearen kantak dantzatu zituzten. Ikusleek zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere eduki zuten: Nalaya Sedano abeslariak eta Leire Fernandez gitarra jotzaileak kanta bat eskaini zuten.
Gazteen iritzia
Gazteek oso ondo pasa dute antzezlan hau prestatzen. «Antzerkia asko gustatzen zaigu. Antzerki saioak lagun artean ondo pasatzeko balio du. Gainera, tradizio handia du. Bestalde, ikastetxe guztietan ez dute halako aukerarik», aipatu zuten Jone Hurtadok, Maialen Delgadok, Eider Ruedak, Alex Agustinek, Luken Uribesalgok, Ane Garmendiak eta Ariane Muñozek.
Ez zuten Saturday night fever pelikula ezagutzen, musikala prestatzen hasi ziren arte. «Asko gustatu zaigu. Beste garai bat zen, baina guri ere dantza egitea gustatzen zaigu. Hori bai, garai hartako gazteei disko musika gustatzen zitzaien eta guk reggaetona atsegin dugu», azaldu zuten.
Hori bai, 1970eko hamarkadako diskoteketan ere ez lirateke batere gaizki moldatuko. Atzo nola aritu ziren ikustea besterik ez dago. «Alexek oso lan ona egin du, nahiz eta protagonistaren papera azken unean hartu duen. Izan ere, Tony Maneroren rola bete behar zuen ikaskideak ezezkoa eman zuen azken momentuan».
Gazteek, primeran pasatzeaz gain, elkartasuna lantzen dute. Atzoko saioetan Marea Urdinaren aldeko pankartak jarri zituzten. Marea Urdina autismoa dutenen eta beraien familien aldeko egitasmo bat da. Gipuzkoako igerilariek herrialdeko kostaldea zeharkatuko dute uztailaren 7an eta 8an, autistek eta beraien familiek bizi duten egoera ezagutzera emateko eta autismoa dutenen integrazioa sustatzeko.