Xabier Berasategi olaberritarra, herrian garaile
Gipuzkoako Itzulia atzo hasi zen Zegaman aitzinetapa batekin, eta astelehenean bukatuko da Seguran. Bihar itzuliko etaparik luzeena jokatuko dute Andoainen.
Xabier Berasategi txirrindulari olaberritarrak (Ampo-Goierriko TB) irabazi du 39. Gipuzkoako Itzuliko bigarren etapa (Olaberria-Olaberria, 75 km). Zortziko laguneko taldetxo batean azkarrena izan da Berasategi, eta herriko helmugan besoak jasotzea lortu du (1:58:10, 38,082 kilometro orduko batez bestekoa). Sailkapen nagusian 3. postua dago orain, Josu Azpilikueta liderrarengatik 4 segundora, eta mendiko liderra da, 11 punturekin. Arkaitz Sukia (Ampo-Goierriko TB) 9. izan da helmugan 3 segundora, eta talde bereko Aritz Urra olaberritarra 76. postuan sartu da (7:05era) eta tarteko helmugetan liderrarekin berdintuta dago 3 puntura. Taldeka, Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz da lider.