Gaur hasiko da Legazpiko udak kultur ekintzez betetzen dituen Uztakale egitaraua. Sahararren aldeko Elkartasun jaialdia uztailaren 13an izango da, Bikuña kiroldegian

Uztakale hastera doa. Aurtengo ekitaldian ere kultur arloko ekintzez beteko da Legazpi gaurtik hasi eta uztailaren 20ra arte. Hain zuzen,
Kaleko uzta uztailean kalean leloarekin batera dator ekintza sorta oparoa. Oraingoan, antzerkia, musika dantza, bertsolaritza, haurrentzako jolasez eta tailerrez gain, elkartasunari ere tokia egingo dio Uztakalek.
Gaurtik hasita uztaila ekintzaz beteko da, astero-astero, asteartetik ostiralera; batez ere, kulturari lotutako ikuskizunak antolatu dituzte hala Kale Nagusian nola Laubide auzoan. Gaur arratsaldean haurrentzako jolasak egongo dira, ondoren Txan magoaren ikuskizuna eta gaurkoa amaitzeko, apar festa.
Elkartasunaren eguna uztailaren 13an izango da, ostiralarekin. Hare Haizeak antolatuta, Desertuko Oasiak proiektuaren barruko musika jaialdia izango da Bikuña kiroldegian.
Baratze bat nahi dizut egin lelopean, Legazpiko hainbat taldek parte hartuko dute jaialdian: Musika Banda, Goiz Deia txistulariak, Santikutz abesbatza, Alaitasuna errondaila, Bertso-Olariak, Doinua musika eskola, Korosti eta Sustraiak dantza taldeak, Elustondo anai-arrebak, Beti Gazte taldea, Legazpiko danborrada, Ikatza argazkilari taldea, Legazpiko Gazte Asanblada eta oporretan Legazpira iristen diren saharar haurrak. Zumarragako txalapartariak ere bertan izango dira.
Baratzeak kanpalekuetan
Sarrerak salgai daude dagoeneko Gurrutxaga, Katilu, Kukue, Goierri eta Oilarra tabernetan. Zortzi euroan salduko dituzte aurrez eta egunean bertan hamar euroan. Antolatzaileek sarrerak gordetzeko eskatu dute, jaialdian zehar Irene Paredes eta Xabi Prieto futbolariek sinatutako elastikoak zozkatuko dituztelako.
Sahararrak Tindufen (Aljeria) bizi diren kanpalekuetan baratzeak egiteko proiektuetan lanean ari da azkenaldian Hare Haizea. Ez da denbora asko Bellota lantegiak emandako baratzeetarako erreminta bete kamioi bat bidali zutela Legazpitik Tindufera.
Etorkizun hurbilean erreminta horien banaketa egiteko bidaiak egin nahi dituzte Hare Haizeako kideek. Bide batez, honezkero martxan den Nekazari Eskolari lagundu nahi diote; haziak eskuratzeko asmoa daukate eta bertako gobernuarekin batera, proiektuaren iraupena bermatu nahi dutela adierazi dute Hare Haizeakoek. Legazpin egingo duten jaialdiak, horrenbestez, kanpalekuetako baratzeei hauspoa emateko dirua biltzea du helburu.
Ez da Tindufeko kanpalekuetan baratzeak sortzeko eta iraun dezaten egiten den lehenengo proiektua. Hare Haizeak bezala, beste elkarte batzuk ere lan berean ari dira. Orain artean, hala ere, zailena proiektu horiei jarraipena ematea izan da.
Egitaraua

Toa Kukai kaleko dantza ikuskizuna.
· Gaur, asteartea: 18:00etan, Umeentzako jolasak (4-11 artean). 19:00etan, Txan magoaren ikuskizuna. Ondoren, apar festa.
· Bihar, asteazkena: 19:00etan, Diablues&Blucifer taldearen kontzertua, Laubide auzoan.
· Etzi, osteguna: 19:30ean, Topa Kukai dantza eta Bordas Bros, Kale Nagusian.
· Ekainak 29, ostirala: 22:30ean, Ikatza elkarteko kideen lanekin ikus-entzunezkoa, azokan.
· Uztailak 3, asteartea: 17:00-20:00 artean, jolas parkea eta haur eta gazteentzako tailerrak, Laubiden.
· Uztailak 4, asteazkena: 19:30ean, Mr. Pichichi, Philoteajole Ciakaleko antzerki taldea, Laubiden.
· Uztailak 5, osteguna: 19:00etan, La Basu rap abeslariaren kontzertua, Gernika plazan.
· Uztailak 6, ostirala:
-19:30ean, Ez da kasualitatea bertso emanaldia, Agirre Etxeberri parkean.
-22:30ean, Ikatzaren II. Ikus-entzunezkoa. Gaia: Legazpi. Azokan.
· Uztailak 10, asteartea: Haur eta gaztetxoen parkea Azokan eta Euskal Herria plazan (17:00-20:00).
· Uztailak 11, asteazkena: 19:00etan, Moltovivace Brass Band, Laubiden.
· Uztailak 12, osteguna: 19:30ean, Haiek naiz, Rojo Telon zirku eta antzerki taldea, Kale Nagusian.
· Uztailak 13, ostirala:
-19:30ean, Baratze bat nahi dizut egin lelopean, saharar herriarekin elkartasun jaialdia, Bikuña kiroldegian.
-22:30ean, Ikatzaren III. saioa. Gaia: Natura. Azokan.
*Ekintza gehiago uztailaren 20ra arte.