70 urte mendian bakea eta maitasuna opatzen
Izazpiko gurutzeak 70 urte bete ditu gaur. 70 urte daramatza mendizaleei bakea eta maitasuna opatzen eta Goierriko bista ederrenetako batez eserita gozatzeko aukera ematen. Gurutzea Zumarragako Luistarren kongregazioko kideen ekimenez
Izazpiko gurutzeak 70 urte bete ditu gaur. 70 urte daramatza mendizaleei bakea eta maitasuna opatzen eta Goierriko bista ederrenetako batez eserita gozatzeko aukera ematen.
Gurutzea Zumarragako Luistarren kongregazioko kideen ekimenez egin zen. Egitasmoa Udalari aurkeztu zioten eta honek proiektua begi onez ikusi zuen, baina Zumarragako lurretan jartzea gomendatu zuen. Gurutzea eraikitzeko osatutako batzordeak Izazpi mendiaren punturik garaiena Ezkion dagoela gogoratu zuen eta Udalak amore eman zuen: 300 pezetako diru-laguntza ematea onartu zuen.
Eraikitze lanen ardura Patxi Oiarbidek hartu zuen. Gizon hura Orbegozo enpresako delineatzailea eta obretako burua zen. Materiala Izazpira igotzea ez zen lan erraza izan. Herritar batek Ostadar mendi taldekoei kontatutakoaren arabera, Gurrutxaga eta Egibide baserrikoek lagundu zuten lan hartan.
Izazpiko gurutzea 1948ko ekainaren 27an inauguratu zuten Ezkio, Zumarraga eta inguruko herrietako mendizaleek. On Lorenzo Arakamak meza egin zuen eta elizkizunean bildutakoei Erromatik ekarritako gurutze txiki bat eman zien musukatzeko. Ondoren, gurutzetxoa porlanezko gurutze handian txertatu zuten.
Meza ondoren, Antiora jaitsi ziren. Bertan, herri bazkaria egin zuten. Postreak hartzeko garaian herritar batek «Entzun! Entzun!» esan zuen ozen, euskaraz hitz batzuk egiteko asmoz. Guardia Zibileko sarjentuak isiltzen ez bazen bost tiro botako zizkiola esan zion.
Faustino Orbegozo enpresariak eta On Lorenzo apaizak sarjentuari aurre egin zioten. Arakamak «Si usted es sargento, yo soy capitan (zu sarjentua bazara, ni kapitaina)», esan zion. Izan ere, apaiza Nafarroako brigadetako kaperau kapitain izan zen 1936ko gerran. Gertaera hau garai hartako egunkari batean jaso zuten. Titularra honakoa izan zen: «A punto de recibir cinco tiros por hablar en vasco» (Bost tiro jasotzeko zorian, euskaraz hitz egiteagatik).
Guardia zibilak gurutzearen inaugurazioan ere egon ziren, baina ez zuten gurutzearen lemari kasu egiteko gogo handirik. Zorionez, 70 urte hauetako gainontzeko egun guztietan bakea eta maitasuna nagusi izan dira Izazpin.
Mendi kuttuna
Mendi hau ezkiotarren eta zumarragarren mendi kuttuna da eta bizilagun asko ia egunero igotzen dira bertara. Gipuzkoako erdi-erdian dago eta, beraz, bertatik Aralar zein itsasoa ikus daitezke. Baita Pirinioak ere. Gainera, gurutzetik gertu dolmenak eta tumuluak daude.
Gurasoek umetatik eramaten dituzte haurrak Izazpira eta Ezkioko eta Zumarragako mendizale guztiek bertan eman dituzte lehen pausoak. Bestalde, Goierri garaiko mendi lasterketa eta irteera garrantzitsuenak bertatik pasatzen dira: UZ Trail, Beitiaren oroimenezkoa, Izazpira Igoera, San Silbestre eguneko irteera… Lelo ederrena duen mendia da, eta Ezkio eta Zumarraga batzen dituena.