Gazteen artean zientzia gerturatzeko lanean
Elhuyar Taldeak Bizilabe ikerketa zentroen sarearen proiektua aurkeztu du foru aldundian; Beasaingo La Salle ikastetxeko DBH 4ko ikasleek beraien zientzia proiektuak aurkeztu dituzte.
Bokazioak 10 eta 14 urte artean sortzen direla diote ikerketek, urte horietan bizi izandako bizipenen ondorioz. Elhuyar taldeak ondorio horri heldu nahi izan dio, hezkuntza arautuan eta ez arautuan, gaztetxoak zientziaraeta teknologiara gerturatzeko helburuarekin. Aisialdiarekin lotuta, 10 eta 19 urte bitartekoei zuzenduta, Bizilabe Gazteentzako zientzia bizipenen labea izeneko ikerketa zentroak sortu nahi ditu, eskualdeka, «zientzia bokazioak pizteko ekintza komunitarioaren bidez».
Udalen, garapen agentzien, ikastetxeen eta familien konpromisoa derrigorrezkoa da horretarako Elhuyarko Aitziber Lasaren esanetan. Gaztetxoak Zientzia, Teknologia, Ikerketa eta Matematika ikasketetara erakarrita, «tokiko gizarteari egin nahi zaio ekarpena, gazteen hezkuntza osatzeko eta eskualdeen lehiakortasunean laguntzeko». Azken batean, herrietan musika, hizkuntza eta kirol eskolak dauden bezala, zientzia eskolak sortzea dute erronka.
Bilbon badago Bizilabe zentro bat, eta bertako koordinatzaile zientifikoa da EHUko Medikuntza fakultateko irakaslea den Elena Sevillano. Bere esanetan, «zientzia gaiek bi jarrera sortzen dituzte herritarren artean: miresmena eta interesa, edo beldurra. Gure helburua izan behar da bien arteko oreka lortzea, eta horretarako beharrezkoa da txikitatik bokazio zientifikoa sustatzea». Sevillanoren ustez, «ez ezagutzak eragiten du beldurra». Aste honetan esaterako, kosmetiko ekologikoen tailerra eta telefono mugikorretarako aplikazio errealak diseinatzeko tailerra eskaini dituzte.
La Salleko ikasleak eredu
Elhuyarrek atzo Gipuzkoako Foru Aldundian egindako aurkezpenean, Beasaingo La Salle ikastetxeko DBHko laugarren mailako ikasleak izan ziren protagonista nagusiak. Markel Arrospide, Josu De Castro, Gorka Aranburu, Marco Alcalde eta June Iturrioz izan ziren ikasturtean zehar egindako hiru proiektu zientifikoren bozeramaleak. Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan hartu zuten parte eta Elhuyarren adituen laguntza izan dute proiektuak aurrera eramateko eta zientzia arloan sakontzeko.
June Iturriozen taldeak gaixotasun genetikoak gutxitzeko ikerketa egin du; Gorka Aranbururenak eta Marco Alcalderenak, «etxeko lanak errazteko helburuarekin», landareak ureztatzeko robota diseinatu dute (Zientzia Azokan saritua izan zen); eta Markel Arrospideren eta Josu De Castroren taldeak, elikagaietan erabiltzen diren gehigarrien inguruko ikerketa egin dute, koloratzaile naturalak erabiltzeko aldarrikapena eginez; azenariotik ateratako karotenoaren adibidea esate baterako.
La Salleko irakasleak «pozik» zeuden Elhuyarrek eskainitako baliabideekin, proiektuak eta ikerketak aurrera eraman ahal izateko, eta talde lanean indartzeko eta ikerketaren arloan sakontzeko.













