Juan Arin ikertzailea goratzeko bigarren liburukia atera dute, Ataungo etnografiari buruzkoa

Maribel Arin, Fermin Leizaola, Asier Rodriguez eta Jose Alberto Andres, atzo, Ataungo aurkezpenean. /Aimar Maiz
Etnografia liburuaren 300 ale atera dituzte. Atzo saldu zituzten lehenengo aleak, 10 euroan. Aurkezpen ekitaldian, udaletxean, Fermin Leizaolak tresna batzuei buruz maisu-klase etnografiko bat ere eman zuen. Arin 1958ko urrian ezagutu zuela kontatu zuen, eta 1967ko ekainaren 25ean Ataunen egin zioten omenaldira ere joan zela. Bitxikeria ere oroitu zuen: omenaldia hasi aurretxoan, espreski muntatutako oholtza erori, eta dozena bat apaiz lurrera erori ziren. Inork ez zuen minik hartu. “Florencio Garaialde medikua nuen ondoan, eta hark esan zuen: ‘Apaizgintzako mila urte erori dira lurrera oraintxe’. Bittorrenean bazkaldu genuen gero”.
Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiaren esanetan, Arinentzat “omenaldi onena” atzoko liburu aurkezpena zen, “bere lanak argitaratzea”. Asier Rodriguez alkateak, Ataunentzat halako lanak “onura” direla iritzi zion, eta Karmele Aierbe Kultura zinegotziarentzat esker hitzak izan zituen, osasun arazo batengatik ekitaldira joan ezin zuelako.
Entzuleen artean ziren, besteak beste, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsoro eta Lazkaoko Beneditarren Artxibategiko Juan Joxe Agirre. Bi erakundeen funtsetatik hartutako argazki eta agiri ugari erabili ditu Andresek, Arinen idazlan bildumarako. “Lan borobila, duina eta modernoa” geratu dela laburbildu zuen obraren zuzendariak.
















