Barnekoaren aldeko apustua
Idiazabal bisitatzera gerturatuko diren turistentzat eskaintza berria egin du bertako udalak eta Goierri Turismo elkarteak. Idiazabalez Blai txartela ere izango da aurten aukeran
Ekainaren 30ean emango diote hasiera Idiazabalgo denboraldi turistikoari. Idiazabal paketea izango da aurtengo eskaintzaren berrikuntza nagusia. Atzo aurkeztu zuten aurtengo aukera, Idiazabalgo Pilarrenea parkean.
Idiazabal gazta bezalako produktuak erakarrita turista fluxua urte osoan zehar garrantzitsua bada ere, uda garaian asko handitzen da, mundu guztitik bisitariak jasoz. Horregatik, eta turistak erakartzen jarraitzeko helburuarekin, eskaintza berezia prestatu dute.
Idiazabal paketea
Aipatu moduan, Idiazabal paketea da aurtengo udarako prestatu duten eskaintza berria. Idiazabal bisitatzen dutenek Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroko bisita, herriko gaztandegi bateko bisita eta herriko jatetxe batean menua gozatu ahal izango dute, prezio itxi baten barruan. Gainera, pakete turistiko hori erosten dutenek, igerilekurako sarrera doan izango dute.
Gaztandegiei dagokienez, Aranburu eta Gaztainaditxulorekin batera, Goiburuk ere bere gaztandegia bisitatzeko aukera emango du. Jatetxeei dagokienean, Xume, Pilarrenea eta Guardi jatetxeak izango dira Idiazabal paketearen baitan menuak eskainiko dituztenak.
Paketeko eskaintzaz gain, urtero moduan, igerilekuko erabiltzaileen artean gazta bat zozkatuko da. Gainera, egunero herriko gaztandegiren bat bisitatzeko aukera egongo da. Horren inguruko informazio guztia, Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroan luzatuko zaie interesa dutenei. Zentroaren ordutegiari dagokionez, bihartik, astelehenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.
Idiazabalez Blai
Aurten ere, Donostiako eta Gipuzkoako turismo bulegoetan eta hotel nagusietan banatuko den Idiazabalez Blai ttxartela argitaratuko da. Horrekin, garraio publikoa erabiliz, Ordiziako azoka eta Idiazabalgo gaztandegiak bisitatzera joan ahalko da. Informazio gehiago, 943 18 82 03 zenbakira deituta.













