Berdintasunaren gaia lantzeko topaketa antolatu dute Itsasondon, biharko
Udaletxeko Ongizate Batzordeak antolatutako ekimena da. Egun osorako egitaraua prestatu dute. Goizean solasaldiarekin hasiko dira, berdintasunaren gaia taldeka lantzeko helburuarekin
Bihar, larunbata, berdintasuna hizpide izango dute Itsasondon, lehenengo Topaketa Eguna antolatu baitute eta gai horren inguruan hausnarketa sakona egiteko balioko du. Bestalde, egun osorako egitarau oparoa prestatu dute; beraz, izango da zer egin eta zer ikusi, bihar, Itsasondon. Udaletxeko Ongizate Batzordeak antolatutako ekintza da honakoa.
Iaz, Siriako errefuxiatuen gaia landu ondoren, aurten berdintasunaren gaiarekin ari dira lanketa sakona egiten. Horren harira antolatu dute Lehenengo Topaketa Egun hau.
Goizean goiz ekingo diote egun horretarako apropos prestatutako egitarauari, 09:55ean hain zuzen ere; topaketako parte hartzaileei ongi etorria egin eta topaketa hasiko dute jarraian. Batetik, gizonak bilduko dira, Jokin Beristainekin. Bestetik emakumeak, Haizea Egigurenekin. Bitartean, haurrentzako ekintzak antolatu dituzte Irrizblai aisialdi taldearen eskutik. Lehenengo hausnarketa saioak eginda, topaketa bateratua egingo dute, gizon eta emakumeek denek batera.
Topaketak amaituta, herriko tabernetan poteoa egingo dute Batukaleroek girotuta. Jarraian, bazkari herrikoia egiteko bilduko dira guztiak, herriko plazan eta paella erraldoia egingo dute, bertaratzen diren guztientzat.
Mikrometrajeak
Bazkal ondoren, Mikrometraje emanaldiarekin ekingo diote berriro egitarauari. Ohiko matxismo egoerak eta mikromatxismoak lantzen dituzten bideo laburrak izango dira ikusi ahalko direnak. Helburua, guztiontzat hain ohikoak diren egoera hoiek azalera ateratzea da.
Mikrometrajeeen emanaldiaren ondoren herria dantzan jarriko dute Klaudia Nolanek eta Tamara Berrokalek, zumba saioarekin. Ondoren Jaialai DJaren txanda izango da eta jarraian afari herrikoia egingo dute.













