‘Iñun ere eguiten ez dana’
Astelehenean festa eguna dute Zumarragan. Mendeetako ohitura jarraituz, ezpatadantza egingo dute Antioko baselizan. Gipuzkoan garai batean zabalduta egon bazen ere, Zumarragak bakarrik eutsi ...
Astelehenean festa eguna dute Zumarragan. Mendeetako ohitura jarraituz, ezpatadantza egingo dute Antioko baselizan. Gipuzkoan garai batean zabalduta egon bazen ere, Zumarragak bakarrik eutsi dio tradizio horri.
Bada tradizio bat Zumarragan, gutxienez lau mendez mantendu dena: ezpatadantzarena. Uztailaren 2arekin batera, Antioko baselizan egiten dute dantza hori urtero, belaunaldiz belaunaldi eta dantzariz dantzari transmititu den ohiturari eutsiz.
Ezpatadantzaz asko idatzi izan da, baina haren jatorria ez dago erabat argi; militarra izan liteke batzuen ustetan, arerioa ikaratzeko edo garaipen bat ospatzeko modu bat. Beste batzuek aldiz, intsektuak uxatzeko erritu bat zela diote.
Zumarragan noiztik egiten den ere ezin da zehatz esan. Angel?Cruz Jakak jasota utzi zuenez, ba omen da 1539. urteko uztailaren 2an, bertan festa bat ospatu zela frogatzen duen agiririk. Ezpatadantza eta Zumarraga lotzen dituen lehen agiria ordea, mende bat geroagokoa da, 1656. urtekoa. Bertan, Jeronimo Elgarresta Areriako alkateak –Zumarraga haren menpekoa zen–, Santa Isabel egunean bi dantzariren artean izandako istilua zela eta, gertatutakoa argitzeko eta errudunak zigortzeko agindua eman zuen.
Zumarragan bakarrik
Zumarragan ez ezik, Gipuzkoako eta Euskal Herriko hainbat tokitan egiten zen ezpata dantza. Aita Larramendi jesuitak 1750. urtean idatzitakoaren arabera, «ospakizun handietarako» bakarrik zen dantza hori. Denborarekin ordea, Gipuzkoako herririk gehienetan behintzat, galdu egin da. 1912.ean J. E. Lasa apaizak argitaratutako liburuan, hala dio: «Meza nagusiyaren aurretikan eguiten da Antiguan, beste iñunere eguiten ez dan gauza icusgarri bat». Eta hark ere, dantza hori «guizaldi ascotaco oitura» dela dio.