Juan Begiristain 'Katxo': «Ataungo festaleku onena Aia izan da, herri guztitik zegoen ohitura»
Aiako Aldaburu baserrian jaioa da Juan Begiristain Katxo pandero jolea. Tolosan bizi bada ere, gustura itzultzen da urtero Aiako Santa Isabel jaietara.
Panderoarekin segitzen duzu?
Bai. Zer egin behar duzu, bada? Uharte-Arakilgo Artzain Egunera joaten 36 urte egin behar ditut, abuztuko azken jaian. Aian jotzen ari nintzela eskatu zidaten.
Aian, nongoa zara izatez?
Aldaburukoa. Baserria erre zitzaigun, 1969an, tximistak jota. Markesarena zen, eta ezer ezin egin. Aurretik obra eginda geunden, gainera. Baina ez zuen konpondu nahi, eta gu ezin hasi geurea ez zen etxea berritzen. Tolosan bizi naiz.
Non ikasi zenuen panderoa?
Aurrena, markajea Hernialden ikasi nuen, Sarobe bi anaiekin. Neure gisa gero, adornuak eta. Jotzen ere Hernialdekoekin ibili nintzen, utzi zion arte. Santi Etxeberria etorri zitzaidan egun batean bila, ez zeukala pandero jotzailerik. Elduaingoa da, eta Lekunberrin bizi da.
Aian aspalditik jotzen duzue?
Lehenago, bolada batean ibili ginen. Gero Aiarreko bi ahizpa hasi ziren. Haiek utzi zuten, eta atzera gu gabiltza, 10 urtean edo.
Aiara gustura joaten al zara?
Auzora gustura joaten naiz. Kuadrilla guztia hangoa nuen. Etxea erre eta gero ere, amaren jaiotetxe Aiarrera joaten nintzen.
Santixabelak, estimatuak?
Bai, oso. Guk ikusi ditugun erromeriak han! Plaza beteta, zapoa pasatzeko ere lekurik ez. San Martindik, txistua joz, hamabietako mezara joaten ziren. Sagasti batean bazkaltzen zuten, itzalean. Ohitura handia zen, Ataun guztitik. Ataungo festalekurik onena Aia izan da.
Zer sumatzen duzu faltan?
Lehengo dantzariak. Ondo egiten zutenak baziren. Gurea sasi-dantza zen, lehengo dantza modu zaharra, norberak ikasitakoa; atzetik hanka gurutzatuz eta. Halakorik ez da ikusten.