Bakailao solomoa piperradarekin
(pertsonako)
Bakailao solomo bat Tipula Piper gorria Piper berdea Tomate naturala Gatza Olioa PrestaketaEuskal gastronomian jaki preziatua da bakailaoa. ...
Osagaiak
(pertsonako)
- Bakailao solomo bat
- Tipula
- Piper gorria
- Piper berdea
- Tomate naturala
- Gatza
- Olioa
Prestaketa
Euskal gastronomian jaki preziatua da bakailaoa. Ipar Atlantikoan arrantzatu, eta gatzatuta kontserbatu izan ohi da. Kontsumitu aurretik gezatu egin behar da, baina, gaur egun izoztua ere eros daiteke.
Piperrada
Zartagin batean olio pixka bat jarri. Bertan tipula, piper gorria eta piper berdea, su baxuan ondo gorritu arte egin.
Tomatea zuritu eta zatitu. Kazola batean, olioa jarri eta su eztian tomatea egin. Tomatea egin denean xehatu.
Barazkiei olioa kendu eta tomateari nahastu. Horrela, piperrada egina dago.
Bakailaoa
Bakailao solomoa plantxa beroan kolore pixka bat hartu arte markatu. Ondoren labe beroan sartu eta egiten bukatu.
Aurkezpena
Plater baten ondoan piperrada jarri eta gainean bakailao solomoa ipini azala gorantz duela.
Garaikoa eta kalitatezkoa, Zezilioneako ikurrak
Duela 19 urte hartu zuten Ugutz, Izaro eta Juanito Rubiok Olaberriko Zezilionea hoteleko eta jatetxeko ardura. Beraien sukaldaritzan garrantzi handia hartzen du kalitatezko eta garaiko produktuekin lan egiteak.
Zezilioneako tabernan eguneko menua jateko aukera dago. Gustu handiz dekoratutako jangelan, berriz, karta zerbitzua, dastatze menua eta taldeentzat menuak eskaintzen dituzte Rubiotarrek.
Jateko aukera zabala izaten dute, beti ere, garaiko produktuari duen garrantzia emanez. Parrilan egindako haragiak eta arrainak ere eskaintzen dituzte.
Baina Zezilionean zerbait deigarria gertatzen bada, eskaintzen duten ardo aukera zabala da. Bertako bodegan 300 ardo desberdin dituzte, Errioxatik hasi, eta Espainiako zein munduko jatorri izendapen ugaritakoak. Ardo dastaketak ere antolatzen dituzte.