Berdintasuna landu dute Itsasondoko topaketan
Iaz errefuxiatuen inguruan Itsasondon egindako topaketaren bide beretik, aurten berdintasuna lantzeko ekitaldi sorta egin dute, Ongizate Batzordeak eta hainbat herritarrek antolatuta.
Larunbat goizean elkartu eta bi taldetan banatu ziren, gizonezkoak batetik eta emakumezkoak bestetik, berdintasunaren gaia ikuspegi ezberdinetatik lantzeko. Ondoren elkarrekin bildu eta ateratako ondorioak elkarbanatu zituzten. Bitartean, umeek berdintasunaren inguruko murala margotu zuten plazan. Festa giroan jarraitu zuen gero egunak, batukadak lagundutako poteoarekin eta herri bazkariarekin.
Arratsaldean, Mikrometrajeak emanaldia izan zuten. Ikus-entzunezko lanen bidez, mikromatximoak aztertu zituzten. Eguna bukatzeko, zumba saioa eta DJa izan zituzten.