Bustia eta grisa
Ohituta gauden udaberritik gutxi izan du amaitu berria den urtaroak aurten, ohi baino eguraldi kaxkarragoarekin, euritsuago eta freskoago joan delako. Eguzkia ...
Ohituta gauden udaberritik gutxi izan du amaitu berria den urtaroak aurten, ohi baino eguraldi kaxkarragoarekin, euritsuago eta freskoago joan delako. Eguzkia oso gutxitan ikusi da, eta tenperatura epelagoen nahia ageri-agerian izan da herritarren artean.
Ekainaren 21ean 12:07an agurtu zen aurtengo udaberria, zeru lainotuekin eta 20-25 gradu inguruko tenperaturekin. Iritsi, berriz, martxoaren 20an iritsi zen, 17:15ean, eta 92 egun eta 18 ordu eta gero eman dio erreleboa udari.
Oso bustia eta grisa izan da, eguzki ordu gutxikoa eta prezipitazio askokoa, kantitateari eta euria egindako egun kopuruari dagokienez.
Irudipena izan da azken urteetan ez bezala, urte hasieratik ez duela euria egiteari utzi. Baina datuak hor daude eta horiek esaten dute ez dela hainbesterako izan, ez behintzat 2015eako neurketekin alderatuta. Izan ere, duela hiru urte eskas, aurten bezainbeste euri bota zuen lehenengo bost hilabeteetan, Legazpin behintzat: aurten 1.103 litro jaso dira, eta 2015ean, 1.099 litro. Dena den, ezin da ukatu udaberri oso euritsua izan dela, eta batez bestekoaren gainetik ibili dela. Legazpiko datuekin jarraituz, bertakoa baita Goierrin kontsultatutako estazio meteorologikoetatik euri gehien jaso duena, martxoan, 21etik aurrera, 92,5 litro jaso ziren eta 8 egun izan ziren euripean (hilabete osoan 204,8 litro, eta 25 egun euri egin zituen); apirilean 195,8 litro eta 22 egun euripean; maiatzean, 86,70 litro eta 20 egun; eta ekainean, 20 egunetatik 17tan egin du euria, 90,5 litro. Udaberri osoan, 465,8 litro bota ditu Legazpin. Ondoren Zegama dator, 399,8 litrorekin eta Ordizia gero, 344,8 litrorekin. Iazko datuak, berriz, hauek izan ziren, konparaketak egiteko:?Legazpin 289,6 litro, Zegaman 242,3 litro eta Ordizian 169. Ezin ukatu, beraz, aurtengo udaberria iazkoa baino askoz ere euritsuagoa izan dela.
Tenperaturari dagokionez, ohi baino udaberri hotzagoa izan da, nahiz eta 0 gradu azpiko neurketarik ez den izan. Beste puntan, 30 gradutik gorako egun bakarra izan da, ekainaren 20a, ohikoa garai horretarako uda giroa dagoeneko finkatuta egotea izaten denean.
Tenporen iragarpena
Hasi berria den udak 93 egun eta 15 ordu iraungo ditu, eta irailaren 23ra arte luzatuko da. Udaberria hain txarra izanda, zer nolakoa izango da uda?
Tenporetan jartzen dute arreta hemengoek eguraldi iragarpenak egiteko, baina zer dira tenporak? Kristau liturgia egutegiko aldiak dira, urtaro bakoitzaren hasieran, bereziki otoitz eta penitentziarako. Tradizionalki, egun hauetako eguraldia urtaroko eguraldia iragartzeko erabili izan da. Hau da, eguraldia iragartzeko herri metodoa da.
Aurtengo udari dagozkion tenporak ekainaren 11n hasi eta 18ra arte izan dira, eta egun horietan izandako eguraldiak ez zuen albiste onik ekarri udari dagokionez. Gorbeiako artzain Julian Ajuriagerrak tenporetan oinarrituta iragarritakoak, esaterako, oihartzun handia izan du, datozen hilabeteetarako eguzki gutxi (hiru egun jarraian ere ez), haizea, ura eta harria pronostikatu dituelako. Pello Zabala Arantzazuko fraideak, aldiz, bestelakoa iragarri zuen, eta eguzki ordu gehiago etorriko zirela, eta horrekin uda ere iritsiko zela esan zuen.
Pronostiko zientifikoetara joz, Aemetetik iragarri dutenez, uda «normala» izango da aurtengoa, eta beti bezala, tenperatura altuko egun batzuk eta ohi bezala euria ere izango dira datozen hilabeteetan.