Ez dadila inor etxera joan, jaiak ez dira bukatu!
Santa Isabel eguna pasa da, baina festak ez dira bukatu. Igandera bitartean, ia egunero ekitaldiren bat egongo da. Gaur, 18:00etan, Urretxu-Zumarragako 16. idi proben txapelketako Santa Isabel jaietako sari nagusia
Santa Isabel eguna pasa da, baina festak ez dira bukatu. Igandera bitartean, ia egunero ekitaldiren bat egongo da.
Gaur, 18:00etan, Urretxu-Zumarragako 16. idi proben txapelketako Santa Isabel jaietako sari nagusia jokatuko da. Patxi Aranberri, Asier Izagirre (Ipeñarrieta), Axier Zubillaga (Apain jatetxea) eta Jose Inazio Soraluzeren (Korta jatetxea) idiek parte hartuko dute. Lehiaketa Euskadi plazan izango da.
Bihar, 18:30ean, 33. paleta txapelketako aurrefinalak jokatuko dituzte Zelai Arizti pilotalekuan. Ostegunean eta ostiralean ere kirol ekitaldiak egongo dira. Urola taldeak eskubaloi txapelketa antolatu du. Zumarragako jaietarako La Salle-Legazpi ikastetxeko jolastokian muntatu duten zezen plazan jokatuko da, ostegunean eta ostiralean.
Bi egunetan txapelketa 16:00etan hasiko da. Ostegunean kimuek (2007an eta 2006an jaioek) eta haur mailakoek (2005-2004) jokatuko dute. Ostiralean, berriz, kadeteek (2003-2002). Parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman behar dute izena: 15:00etatik 16:00etara. Taldeak gutxienez zortzi jokalarikoak eta gehienez hamarrekoak izan behar dira.
Ostiralean, eskubaloi txapelketaz gain, paleta txapelketako azken partidak jokatuko dira. 18:30ean hirugarren posturako partida jokatuko dute eta 20:00etan finala.
Jubilatuaren Eguna
Aurtengo Santa Isabel jaiak igandean bukatuko dira, Jubilatuaren Egunarekin. 09:30ean Antxiñako Ama txistulari taldeak kalejira egingo du.13:00etan, berriz, dantza eta musika erakustaldia egongo da Zelai Arizti aretoan. Ekitaldi hau Gure Txoko jubilatuen elkarteak antolatu du.
14:30ean jubilatuen bazkaria egingo dute Euskadi plazan. Bukatzeko, 16:30ean dantzaldia egingo dute Euskodiskorekin.
Festak ostiralean hasi ziren. Pregoia Asier de la Iglesia saskibaloi jokalariak irakurri zuen. Larunbateko dantza txapelketa Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta azpeitiarrek irabazi zuten. Txapelketa horretan Irrintzi taldeko bi dantzarik parte hartu zuten: Josune Martin eta Adirane Peñagarikanok.
Igandean, berriz, Haurren Eguna ospatu zuten. Udalbatza txikia Urko Agirrezabal (alkatea), Amets Arakama, Ander Chefrad, Aday Davila, Irantzu Fernandez, Enara Garcia, Oier Gonzalez, Viktoria Lesmes, Eneko Mantecon, Irati Mendiola, Elene Plazaola, Oihane Rodriguez eta Zigor Torquemadak osatu zuten.