Jose Antonio Peñaren omenezko mitinaren aurkezpeneko irudia
Estatuko eta atzerriko atleta onentsuenak elkartuko ditu aurten ere Txindoki-Jaso atletismo taldeak antolatutako laugarren Ordizia Saria-Jose Antonio Peña mitinak. Uztailaren 7an jokatuko da Altamira estadioan, 17:30ean hasita. Guztira 15 proba jokatuko dira, zazpi emakumezkoetan eta zortzi gizonezkoetan. Gainera, badira hainbat nobedade aurtengo edizioan; batetik, Europako atletismo txapelketarako puntuagarria izango da, bestetik, Beasaingo Udalak, sari bat emango du.
Gaur aurkeztu dute Donostian, Foru Aldundian, larunbatean jokatuko den mitina. Bertan izan dira, Goizane Alvarez Aldundiko Kiroletako Zuzendaria, Ordiziako alkatea Jose Migel Santamaria, Beasaingo alkatea Aitor Aldasoro eta Txindoki atletismo taldeko Eneko Agirrezabal eta Egoitz Iztueta.
Alde guztiek nabarmendu zuten Euskal Autonomia Erkidegoan estatu mailako hiru atletismo proba jokatzen direla soilik, eta Gipuzkoan jokatzen den bakarra Ordiziakoa dela –beste biak Bilbon eta Gasteizen dira– eta aurten gainera bi hoiek ez dira burutuko, prentsaurrekoan argitu zutenez. Ordiziakoa izango da beraz, egingo den bakarra.
Iazkoaren balorazio ona egin eta gero, aurten ere antolatzea erabaki du Txindokik, eta ziur da aurten ere puntako atletak biltzea lortuko duela. Azkenik, larunbatean Ordiziara joateko deia egin diete atletismo zale guztiei.
Europako txapelketa
Aurtengo nobedadeen artean bada garrantzia berezia duen bat. Europako atletismo txapelketa jokatuko da Berlinen abuztuan. Bertan parte hartu ahal izateko gutxieneko denbora behar da. Hori horrela, «Espainiako Atletismo Federazioak Ordizian jokatuko den probarekiko interesa erakutsi zuen, hainbat atletek oraindik ez dituztelako gutxieneko denborak lortu». Ordiziako mitinean Europakoan parte hartzeko pasea lortu ahalko dute atletek.
Probak eta atletak
Emakumezkoetan probak honakoak dira: 100 metro, 200 metro, 800 metro, 5.000 metro, luzera, eta 3.000 metro oztopoak. Parte hartzaileei dagokienez, Ordizian izango dira Jip Vastemburg holandarra eta Eunice Jepkorir keniarra 5.000 metrokoan edota Ann Gathonu keniarra oztopoen proban.
Bestalde, gizonezkoetan ondorengoak jokatuko dituzte: 100 , 200, 400, 1.500, 5.000, luzera eta 3.000 metro oztopoak. Gizonezkoetan gainera, beste proba bat gehiago antolatzekotan zeuden, 10.000 metro. Baina azkenean bertan behera gelditu da.
Agirrezabalek argitu duenez, «oraindik etorriko diren konfirmatu gabeko atleta batzuk badaude ere, aurreratu daiteke, Jonathan Okeudo nigeriarrak 100 metrokoan, Boitudo Nasilo Bostwanarrak 400 metrokoan edota David Bustosek eta Manuel Olmedok 1.500 metrokoan parte hartuko» dutela, besteak beste.
Gazteenentzako ere izango dira bi proba. Benjamin mailan 50 metro eta alenin mailan 60 metro jokatuko dira.
Horrez gain, ohikoa den kuadrillentzeko 4×400 metro erreleboen proba ere egingo dute aurten.
Beasain sari nagusia
Aurten, lehenengo aldiz, Beasaingo Udalak laguntzaile gisa parte hartuko du mitinean. Aldasorok berak adierazi duenez «Txindokik bailara mailan egiten duen lan eskerga eskertzeko modua da hau». Hasiera batean, 10.000 metroko probako saria eman behar zuen Beasaingo Udalak. Hori bertan behera gelditu denez, oraindik zehatu gabeko beste proba bateko saria emango du.