Txapela, jantzi eta betikotu
Sinbologia gorena hartu du txapelak euskal kulturan. Txapela kentzeko modukoa, ez da edozein edo edozer. Txapelduna, irabazlearen sinonimo da. Txapela buruan ...
Sinbologia gorena hartu du txapelak euskal kulturan. Txapela kentzeko modukoa, ez da edozein edo edozer. Txapelduna, irabazlearen sinonimo da. Txapela buruan munduan joatea, tentuz eta ausart ibiltzea. Baina ez da beti hala izan. Berrehun urteko historia du txapelak Euskal Herrian. Okzitaniako Pirinioetatik sartua XIX. mende hasieran, Lehen Karlistaldian orokortu zen, tropek (izan karlista, izan liberal) uniformearen parte hartu ostean.
Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak Txapela… noiztik? erakusketa jarri du. Datu argigarri asko bildu ditu bertako historialari Mikel Alberdik.
Txapeladunen lehen irudia esanguratsua da. Ossau erdialdeko ehiztari eta artzain bikote batena. Hurrena, Napoleonen aurkako gerran, Wellington jeneral ingelesarentzat gidari lanak egiten ari diren bi pirinearrek daramate txapela. Euskal Herrira Pirinioetan barrena sartua dela uste dute adituek.
Baina benetako bultzadizoa I. Karlistaldiak (1833-1840) eman zion txapelari. Tomas Zumalakarregi jeneralak, karlisten tropa guztiarentzat uniformearen burukotzat hartzea erabaki zuen, bururako «egokiena eta erosoena» zelako. Iragazgaitza zen, eguraldi euritsurako aproposa.
Ikonografia politiko-militarrean karlisten ikurtzat geratu da txapela, batez ere gorria, XX. mendean. Baina hasieran ez zen hala izan, liberalek ere erabiltzen zutelako txapela gorria. Hain justu, euskal soldadu edo militar guztiek erabili zuten txapela, I. Karlistaldian. Ez alferrik, armada liberaleko euskaldunei txapelgorri deitzen zieten, pesetero izengoitiaz gain (egunean pezeta bateko jornala zeukatelako).
Esparterok debekatua
Baina txapelaren zeinua erabakixea geratu zen jada lehen karlistaldiaren bukaeran. Orokortua zegoen jada. Karlismoarekin lotu zuten Espainiako Armada liberaleko buruzagiek. Hala, Espartero jeneralak guztiz eta edonorentzat debekatu egin zuen txapela janztea, 1838ko azaroan:?«Txapela erabiltzeak sortzen dituen kalteez konbentzituta, eta Isabel erreginaren benetako eskubideen eta Konstituzioaren aurka gerran ari direnen ikur bereizgarri dela ikusita, txapela erabiltzea debekatzea erabaki dut, mota guztietako pertsonei, izan militar ala herritar», dio dekretuak.
Isun eta zigor gogorrak jarri zituzten txapeladunentzat. Txapela jantzita harrapatutako lehen aldian 80 errealeko isuna, eta ordaindu ezin bazuen, bi hilabeteko espetxealdia. Bigarren aldian, zigor bikoitza. Hirugarrenean, bi urte kartzelara.
Txapela «maniaz edo modaz» sartu zela zioen Esparteroren debeku-aginduak. Armada liberalean bertan, soldadu euskaldunek baizik ez zuten erabiltzen, ez espainiarrek.
Pietro Bubani botaniko italiarra ere atxilotu zuten 1844an Iruñean, txapela zeramalako. Karlistatzat hartu zuten. Gobernadoreak libre utzi zuen, baina txapela eranzteko aholkatuta. Ez zion kasurik egin.
Kontrakoak eraginik ez
Horrenbesteko hedapena eta onespena hartu zuen txapelak euskaldunen artean, ez zela isunik edo debekurik izan galarazi zuenik. Ezta liberalen artean ere. Gipuzkoak eta Bizkaiak foru poliziak sortu zituztenean —1844tik aurrera—, mikeleteek txapela hartu zuten bururako. Are gehiago, Afrikako Gerran (1859-1860), euskal tertzioek txapela gorria eraman zuten. Karlistak eta liberalak batera borrokatu ziren, nahiz aurretik, nahiz gero, elkarri gerra egin.
Beste irudi esanguratsu bat bada erakusketan, bi karlistaldien artean Durangaldean egina: adineko pertsona bat monterarekin (lehenagoko burukoa) ageri da, eta aldamenean gaztea txapelarekin.
II. Karlistaldian ere (1872-1876), karlisten ezinbesteko elementua izan zen txapela. Baita liberalen alde lerratu ziren mikeleteena ere. Orduan indartu zen gaurdaino iritsi den Antonio Elosegi txapela fabrika ere. 1858an sortua La Casualidad izenpean, egunean 50 txapela ekoitziz hasi zen, emakume enplegatuko bat. 1878an, langileko 15 egiten zituen. Gerran, karlistak Tolosan sartu eta urtebetera, instalazioak handitu zituen. Bigarren Karlistaldian 75.000 txapela saldu zituela kalkulatzen da. 1878an ehuntzeko makina jarri zuten, eta eguneko 200 txapela egitera iritsi zen langile bakoitza. Mende bukaerarako, 3.000 ateratzen ziren lantegitik.
Trikitiarekin gertatu bezala, kanpotik iritsitako elementu bat beretzat egin zuten euskaldunek. Hainbeste, ezen Europan zehar euskal txapela esaten dioten bonetari. Alemanian Baskenmütze da, esate baterako. Munduan ibiltzeko, estalki hoberik ez zuten izango eta.